Espainiako sei pertsonaren gorpuak identifikatu dituzte. Urduñako desobiratze lanak 2024ko abenduak amaitu ziren eta guztira 93 pertsonaren gorputzak berreskuratu zituzten. Aurkikuntza berriekin, hamazazpi pertsona dira jada identifikatu dituztenak.
Urduñako espetxe frankistaren biktimak izandako sei pertsonen gorpuak identifikatu dituzte: Pizarrako (Malaga) Antonio Bootello Negrete, Valencia de las Torreseko (Badajoz) Aquilino Flores Bautista, Castuerako (Badajoz) José Gómez Narváez, Aceuchaleko (Badajoz) José Pozo García, Torrenuevako (Ciudad Real) Zoilo Villar Toledo eta Villagonzalo (Badajoz) Manuel Vivas Fernández.
1937-1941 urteen bitartean kontzentrazio esparru eta espetxe izan zen Urduñako Aita Jesuiten ikastetxean: lehen bi urteetan kontzentrazio esparru, eta behin gerra amaituta, espetxe. Guztira gutxienez 225 pertsona hil ziren bertan, horietako 24 kontzentrazio esparruan; Gogora Institutuaren datuen arabera. Errepublikaren aldeko inplikazioaren arabera sailkatzen zituzten gatibuak eta bizi baldintza kaskarrak zituzten, hala nola, pilaketak, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.
Eremu hartako kontzentrazio esparru gehienak 1939an itxi baziren ere, Urduñakoak funtzionatzen jarraitu zuen 1941 arte espetxe gisa. Urduña frankismoko espetxe politikaren engranaje bilakatu zen eta ondorioz, atxilotuen profilak aldatzen hasi ziren. Hego Euskal Herritik presoak jasotzeari utzi eta Espainiako Estatuko zenbait lurraldeetako presoak giltzapetzen hasi ziren: Gogoraren datuen arabera Urduñan hildako 225 pertsonetatik erdia baino gehiago Extremadurakoak (125 Badajoz eta 2 Caceres) ziren.
Memoria ikertzen
Joseba Egigurenek egindako lanari esker ezagutu dira datuak, baita hildakoen izen abizenak ere. Hildakoen ondorengoen DNA laginak gorpuzkienekin alderatzen dituzte. Prozesuak zailtasunak dituela azpimarratu du du Gogorak. Denboraren joanak senideak aurkitzea eragozten du askotan, eta gainera DNAk bere kalitatea galtzen du, ahaidetasun-mailak zehaztea zailduz. Urduñako 93 pertsonen berreskuratze lan eta identifikazioa Gogora Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren laguntzaz eratutako programa da; lehenengoa gorpuzkien analisi forentsea egiteaz arduratzen da, bigarrena laginak erkatu eta identifikazio genetikoa burutzeaz.