argia.eus
INPRIMATU
Urdulizen hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, irailaren 28an; eta Bilboko Casillan amaitu
  • Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko ekainaren 10

Urte biko zikloa osatu da, eta bueltan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Udabarria Bertsotan sailkapen fasea jokatu ondoren, irailean hasiko da udazkeneko fasea: zehazki, hilaren 28an, Urdulizen. Aurtengo edizioa aldaketa ugariz heldu da, egitura, kokapen eta parte-hartzaileei dagokienez. Prentsa aurrean aurkeztu dute 2025eko edizioa Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari Belate Astobizak, koordinatzaile Ione Narbaizak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Leixuri Arrizabalagak. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

“Erakusleiho bat da txapelketa, eguneroko lanketa erakusteko lekua ematen du”, hasi du hitzaldia Belate Astobizak. Eta aurtengo erakusleihoa aldatuta dator, karteletik hasita. Galdera eta harridura gehien finalaren kokapen aldaketak eragin ditu: 2012ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketatik Bilbao Arenan jokatu izan baita. Aurten, ordea, Casillan izango da. Ione Narbaizak azaldu du aldaketa kontu “koiunturalek” eragindakoa izan dela, eta Arrizabalaga diputatuak gehitu du “ziurrenik” Casillan egingo den azken ekitaldia izango dela: “Casillako amaierako ekitaldia izango da ziurrenik, eta polita da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin amaitzea”.

Astobizak eskertu eta aitortu egin du txapelketaren inguruan lanean ibili direnen beharra, eta Narbaizak azaldu du txapelketa bat amaitu eta “segidan” hasten dela hurrengoa antolatzen. Hain zuzen ere, 2023ko txapelketako balorazio bileretan ateratako ideia izan da txapelketaren egitura aldatzea, eta “apurtxo bat” handitzea: hamar saiotik hamaikara pasatu dira, lehen faseko saio bat kendu eta finalaurrekoetan bi saiotako buelta gehituta. Horretarako arrazoiak, hiru dira, Narbaizaren hitzetan: “Finala jai handi bat izaten da, baina horrez gain ikusi dugu finalaurrekoak oso ondo funtzionatzen duten saioak direla, eta aukera ikusi dugu saio horiek gehitzeko. Hor batzen diren bertsolariei saio gehiago emateko helburua ere badu aldaketak, eta bestalde maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita dela uste dugu”.

Finalaren tokia eta txapelketaren egitura berritua soilik ez, zenbait hutsune ere badira albiste aurtengo edizioan: Nerea Ibarzabal egungo txapeldunak ez du izenik eman, ezta Eneko Abasolo Abarkasek ere.

Egitura osatua

Hori horrela, txapelketako lehen fasean 30 bertsolari ariko dira kantuan: 21 Udabarria Bertsotan sailkapen fasetik eta bederatzi 2023an finalaurrekoetan aritu zirenetik. Horietatik batek –hamar ziren– ez du izenik eman: Eneko Abasolo Abarkasek; hain zuzen ere, 2023koan agurtu zituen txapelketak.

Bigarren fasean, finalaurrekoena, lehen hirurak lehen bueltakoak izango dira, eta lehen bueltako hiru irabazleak eta puntuazio altuena duten bederatzi bertsolariak pasatuko dira bigarren bueltara. Eta hortik erabakiko dira zortzi finalistak. Aldaketa horretarako hiru arrazoi eman dituzte: finalaurrekoetara 11 bertsolari sailkatuko dira lehen fasetik, eta zuzeneko pasea izango dute 2023ko edizioko zazpi finalistak; Ibarzabalek ez, ez baitu izenik eman.

Dena den, zortzi finalistez gain, puntuazio altuena duten beste bi bertsolarik ere lortuko dute pase garrantzitsu bat: Bertsolari Txapelketa Nagusirakoa.

Saioetako informazio osoa bertsozale.eus/bizkaikotxapelketa webgunean dago ikusgai.