Iragan astelehenean baita aste honetakoan ere okupatu dituzte herriko eskolak. Hezkuntza ministerioak bi irakasle postu-erdi kentzekoak ditu. Parean, otsailaren 11z geroztik mobilizaturik dira, eta dinamika gogortuz doa.
Beste behin, herri ttipietako zerbitzu publikoak kalteturik dira: Urdiñarbeko eta Muskildiko herriko eskolentzako bi irakasle postu-erdi desagerrarazi nahi ditu Frantziako Hezkuntza ministerioak. Euskarazko postu-erdia eta frantsesezko beste erdia defendatzeko mobilizaturik dira, ordea, irakasleak, ikasleak, gurasoak zein bi herrietako auzapezak. Aldarriak sostengu zabala du, eta horren erakusleiho izan zuten iragan asteleheneko elkarretaratzea:150 bat lagun batu ziren.
Eskola ttipiak dira Muskildikoa eta Urdiñarbekoa, 45 ikasle dira aurten bien artean, baina datorren ikasturterako gehiago aurreikusten dira: 56. Dena dela, zerbitzu publikoa –tartean hezkuntza– herritar guziei bermatzearen auzia da mahai gainean. Martxoaren 9an jakinen dute behin betiko erabakia zein den.
Otsailaren 14an bilera ukan zuten Urdiñarbeko eta Muskildiko auzapezek Hezkuntza Akademiaren zuzendari François Xavier Pestelekin eta "goitik hartua izanaren" sentsazio garratzarekin atera ziren hitzordutik: "Hezkuntza Akademia hitzekin jolasten dabil, baina azkenean gure nerbioekin dabil jolasten", zioen Jean-Michel Arrayet Urdiñarbeko auzapezak kexu Mediabask komunikabideari.
Iñaki Etxaniz lekuko diputatua ere beraien ondoan dute: "Gaur hemen desagerrarazten dute eta bihar beste nonbait. Ez dugu haurren heziketa murrizketen aldagaia bilakatzea onartuko".
Hain zuzen, tendentzia orokorra da, guztira lehen mailako 1.165 postu dituelako desagerraraziko Hezkuntza ministerioak –horietan hamar Pirinio Atlantikoetako departamenduan–.