Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso egin ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak "Iran berriz handi egiteko" erregimen aldaketa bat behar dela adierazi du sare sozialetan. NBEren Segurtasun Kontseiluak larrialdizko bilera egin du, eta Errusiak, Txinak eta Pakistanek su-eten akordio bat "berehala" adostea eskatu diete bi aldeei. Ormuzko itsasartea blokeatzearen alde egin du Irango Parlamentuak, bertatik igarotzen da munduko petrolio garraioaren %20 inguru.
Igande goizaldean Fordowr, Natanz eta Isfahan gune nuklearrei eginiko erasoarekin, AEBak zuzenean sartu dira Israelek bere babesarekin piztutako Iranen aurkako gerran, eta guztiz aldatu dute gatazka. Badirudi bi aldeek ez dutela epe laburrean elkarren aurkako erasoak gelditzeko asmorik. Israelek Irani lehen aldiz eraso egin zion unetik aukera hori ukatu egin badu ere, Donald Trump AEBetako presidenteak Truth Social sare sozialean Teheranen "erregimen aldaketa" behar dela adierazi du: "Ez da politikoki zuzena erregimen aldaketa kontzeptua erabiltzea, baina Irango egungo erregimena ez bada gai Iran berriz handi egiteko, ez luke erregimen aldaketa bat egon beharko?".
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak behin eta baino gehiagotan egin du mehatxu Ali Khamenei Irango lider gorena hiltzearekin: esaterako, joan den asteartean adierazi zuen Khamenei hiltzeak ez lukeela bien arteko gatazka areagotuko, baizik eta "gatazka amaitu" egingo lukeela. Trumpek ere zera adierazi zuen: "Badakigu [Khamenei] non dagoen ezkutatuta, baina oraindik ez dugu hura hiltzea pentsatu".
AEBek eta Israelek aipatu dute euren helburua Teheranek ordezkatzen duen "mehatxu nuklearra" deuseztatzea dela: euren arabera, Iran arma nuklearra garatzen ari da uranioa aberasteko teknologiaren bitartez, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak hori baieztatu ez duen arren. Irango hiru gune nuklear nagusienen aurkako erasoaren ondoren, JD Vance AEBetako presidenteordeak aitortu du ez dakitela Iranek non pilatzen duen uranioa: "Hori izango da datozen asteetan eurekin hitz egingo dugun gaietako bat".
Nazioarteko erreakzioak
Washingtonek eginiko erasoari erreakzio gisa, igande arratsaldean larrialdizko bilera egin dute Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua osatzen duten herrialdeek. Besteak beste, Txinak, Errusiak eta Pakistanek AEBek eginiko erasoa salatu dute, eta bi aldeei su-eten akordio batera "berehala" iristea exijitu diete. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ohartarazi du AEBen erasoak "puntu arriskutsu bat" suposatzen duela jada "ezegonkortuta" dagoen Ekialde Hurbilean.
Dorothy Shea AEBek NBEan duten enbaxadoreak, ordea, "Washingtoneko aliatuak eta horietako biztanleak" babesteko argudiopean justifikatu ditu Irango gaitasun nuklearren aurka eginiko erasoak: "Iritsi da unea AEBek bere aliatuen eta interesen defentsan determinazioz jokatzeko. Iranek zuzenean edo zeharka AEBen aurka egiten duen eraso orok erantzun bortitzak izango ditu".
Ormuzko itsasartea
Iranen aurkako erasoaldiak hartu duen dimentsioarekin, herrialdeak gerrarako arma gisa baliatu lezakeen baliabide bat geroz eta gehiago aipatzen ari da azken egunetan: Ormuzko itsasartea. Itsasarteak garrantzi handia du nazioarteko merkatuan, eta, bereziki, energiarenean: itsasotik garraiatzen den munduko petrolioaren eta gas natural likidotuaren %20 eta %30 artean bertatik igarotzen da, esaterako, Indiak eta Txinak inportatzen dutena eta Europako herrialdeek Katarren bidez jasotzen dutena. Itsasartearen bi aldeetan dauden herrialdeak Oman, Arabiar Emirerri Batuak eta Iran dira.
Ormuz blokeatzeko aukera mahai gainean izan du Iranek haren aurkako erasoak handituz gero, eta hori gauzatzeko pausoak egiten ari da igandetik. IRIB Irango telebista kate publikoari eginiko adierazpenetan, Esmaeil Kousari jeneralak baieztatu du Irango Parlamentuak Ormuzko itsasartea ixtea onartu duela. Orain, erabaki hori berrestea Segurtasun Nazionaleko Kontseiluari dagokio.