Euskal Herriko filmak eta dokumentalak aurkezteko festibala da Zinegin, Lapurdiko Hazparne herrian eskainia. Ura da aurtengo gaia. Euskal zinemaren emari oparoa ikusgai izanen da azaroaren 17tik 20ra bitartean.
Ostiral gauean, 18an, KliKlap-Zinequizz gaualdia antolatua da Ttattola gaztetxean. Kabareteko giroan, KliKlap film laburren proiekzioak izanen dira. Filmen gaia ura da eta lehiaketa bidez aurkeztuak, horietako batzuk sarituak izaki.
Larunbatean, 19an, goizean, Olentzero eta Amilaren sekretua! marrazki bizidun filmak eskainiko dira. Goiz berean, Patxo Telleriak berak gidoia lantzeko ikastaldia emanen du Eihartzea Kultur Etxean.
Larunbat gauean, Audience taldeak Jai alai blues dokumentalaren soinu-banda joko du zuzenean, taldearen beraren sorkuntza. Filmak zesta-puntaren historia jasotzen du.
Zinegin festibala 2012an sortu zen, Eihartzea Kultur Etxearen eta Ttattola gaztetxearen elkarlanean. Film eskaintza zabala izanen da Hazparneko Haritz Barne zinema gelan.
Festibalak hilaren 20an, igandearekin, hetsiko ditu ateak, film andana eskaini ondoren: Mara Mara, Bypass, Argi, Ez addioik!, Bide berriak Aiherra-Antzuola: mugak zubi. Euskal balezaleen triskantza, Irrintziaren oihartzunak. Amerikanuak, Debekatuta dago oroitzea, Gaur irekiko ditu ateak, Jotamentala, Dragoi ehiztaria, Olentzero eta Amilaren sekretua, besteak beste.