Euskal Herrian konponbidea lortzeko epaiketa politikoek bukatu egin behar dutela azaldu dute Donostiako kaian, “ur harresia” eraikiz. Eleak mugimenduak deituta ehunka pertsonak parte hartu du ekimenean.
Urrian hastekoak diren herriko tabernen auzia eta 40 gazte independentisten kontrako epaiketak izan dituzte gogoan, eta “trainera laranja” uretara botatzeko Kontxako banderaren lehen asteburua baliatu dute.
Hona hemen bideoa:
"Libre" lema hartuta itsasoratu zen "trainera laranja" Kontxako bandera lehiatzen duten traineruen alboan. Ondoren, kaiko arranplan bertan "epaiketa politikorik ez!" irakur zitekeen pankarta bat ireki zuten, eta arraun lehia bukatutakoan ekitaldi politikoa egin zuten. "Kartzelak husteko garaia denean Espainiak kontrako bidea hartu du eta asko dago jokoan, euskaldunon eskubide zibil eta politikoak suntsitu nahi baitituzte", azaldu zuten. Aurretik, ezkutuan dauden Luis Goñi eta Xabier Sagardoi barañaindarrek bidalitako gutuna irakurri zuten. Bertan, eskerrak eman zizkieten babesa emandako guztiei, eta desobedientziarako deia zabaldu zuten.