UPNk 7.700 euro ordaindu behar izan dizkio Podemosi, Pablo Iglesiasen adierazpen batzuen kontra jarri zuen salaketa gaizki atera zaiolako.
Alderdi eskuindarrak dagoeneko ordaindu ditu Iruñeko Lehen Instantziako Epaitegian 7.700 euroak.
UPNk Pablo Iglesiasen kontra jarritako salaketa dago auziaren hasieran: 2016an alderdi moreko buruzagiak Iruñean egin zituen adierazpen batzuen orndoren UPNk auzitara eraman zuen.
Iglesiasek “ustelkeria eta nafar guztiei egindako iruzurra” leporatu zion Yolanda Barcina buru zuen aurreko Nafarroako Gobernuari, CANekin gertatutakoa gogora ekarriz eta erregimenaren gobernuak “ustelkeria maila eskandalagarriak” eduki zituela esanez.
Adierazpen horiek alderdiaren izen onaren kontra egiten zutela argudiatuz, UPNk epaitegietara jo zuen, baina epaileak iaz ebatzi zuen Podemoseko buruzagiak esandakoak adierazpen askatasunerako eskubideak babesten dituela.
Sententziak gaineratu zuenez, kargu publikoak dauzkaten pertsonek beti dute aukera handiagoa kritika publikoak jasotzeko, hori gabe “gizarte demokratikoak ez baita existitzen”.
Ez hori bakarrik, kostu judizialak UPNk ordaindu behar zituela ere ebatzi zuen epaileak.
7.700 euroak ordainduta, amaitu da erregionalisten hordago ustelaren historia.