UPNk oker kudeatutako auziengatik 67 milioi euro ordaindu ditu aurten Nafarroako Gobernuak

  • Nafarroako Ogasunean UPNk utzitako zuloa hazi egiten da urtetik urtera. Aurten 51 milioi euro bideratu beharko dira Garraioaren Hiria handitzera eta 16 milioi behin behinean Gobernuarentzat lan egin zutenen oporrak ordaintzeko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urriaren 23an - 11:05
2009an Garraioaren Hiriaren hirugarren fasearen inaugurazioa. Laura Alba Obra Publikoetako kontseilaria, Miguel Sanz Gobernuko presidentea y Susana Labiano Garraioaren zuzendaria. (Arg.: Diario de Noticias)

20,2 milioi euro izanen zirenak 71,5 milioi euro izanen dira. Garraioaren Hiria proiektuaren gainkostua da hori. Kudeaketa okerraren ondorioz 51 milioi euro gehiago ordaindu beharko ditu Nafarroak. Atzera begira jarri behar da ulertzeko nondik datorren gainkostua: 2008. urtean aurreikusi zuten Inmarkoainen egitasmoa: zoru industrialaren kudeaketa eragile pribatuen onurarako egin zen, hori bai, sortu zitezkeen kalteak sektore publikoak beregain hartu beharko zituen. 600.000 metro koadro ditu Garraioaren Hiriak, industria-nabeak egiteko baliatu dira, baina, eraikitakoen artetik erdiak baino ez dira erabiltzen ari, eta beste zenbait eremu oraindik ere nekazaritzarako erabiltzen ari dira. Hala ere, Auzitegi Gorenak urteotan zenbait epai kaleratu ditu: espropiazioengatik ezarritako 'justiprezioa'-ren aldeko epaiak izan dira eta Gobernuak aurreikusitakoa baino hirukoitza direla onesten dute. Hala, lursail desjabetu horiengatik 49,2 milioi euroko kalte-ordainak ezarri ditu eta Gobernuak %5 gehiago ordaindu behar izan du interesak direla-eta. Gastu horiek guztiak ez zituen aldaketaren Gobernuak espero eta aurre egin behar izan die lege berezi bat onartuz eta halako arrisku edo gertakizunei aurre egiteko partidatik tiratuz. 

Behin behinean Gobernuarentzat lan egin zutenei, bereziki irakasleei, zenbait opor egun ordaintzeke gelditu zitzaizkien eta baita langile batzuen senitartekoei ordaindu gabeko laguntzak ere. Horiei ere aurre egin beharko die Gobernuak orain, 7,6 milioi euro lehenengo kasuarentzat eta 8,5 milioi euro bigarren kasuetarako.

Lizarrako udalari ere, kalte

UPN eta PSNk egindako kudeaketa oker batek 4,3 milioi euro ordaintzera behar dezake Lizarrako udala. Zer dela eta? Onzineda izeneko parajean hirigintza proiektu bat aurreikusi zutelako, baina gero, bertan behera utzi behar izan zuten krisiak eztanda eginda. Desjabetza Auzitegiak baieztatu du 4,3 milioi euro ordaindu beharko dizkiela Udalak bi eraikuntza enpresari egitekoa zuten baina egin ez zuten lanarengatik, konpentsazio gisa.

Baina ordaindu beharrekoa are gehiago izan daiteke, 20 milioi euro gehiago Onzineda parajean lursailak zituzten jabeei kalteak ordaindu behar bazaizkie. Lizarrako Udalarentzat ezinezkoa litzateke kudeaketa oker horren ondorioa ordaintzea, kontuan hartuta urteko aurrekontua herriarentzako 11 milioi euro direla. 

Zorra, datuetan

UPNk hartutako zenbait erabakiren ondorioz 281,5 milioi euro ordaindu beharko ditu aldaketaren Gobernuak orain. Azpiegiturekin zerikusia dute askok eta bestelakoak era badira tartean, auzitegiek hala jasota. 51,3 milioi euro ordaindu beharko ditu Garraioaren Hirirako; 16,1 milioi euro langileei zor zaiena ordaintzeko; 30 milioi euro 2012an ordaindu ez zen aparteko ordainsarirako; 98,3 milioi euro interesak ordaintzeko; 85,8 milioi euro itzalpeko bidesariak ordaintzeko eta 60.000 euro errepidea gaizki neurtzeagatik sortutako kaltearen ondorioz (Pirinioetako Autobideak 45,421 kilometro neurtzen ditu, baina sententzia batek agintzen du 46,097 kilometrorengatik ordaindu behar dela, alegia, 2,4 milioi euro 2039ra arte).

(Euskal Herria Irratiak argitaratu du albistea bere webgunean eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude