argia.eus
INPRIMATU
UPNk neofrankistekin bat egin du Espainiako Kongresuan ‘Billy el niño’ torturatzaileari dominak ez kentzeko
  • Espainiako Diputatuen Kongresuak ostegunean onartu du, Antonio Gonzalez Pacheco erregimen faxistako polizia inspektoreari dominak kentzeko prozedura. 'Billy el Niño' tortura eta gizateriaren aurkako delituengatik inputatu dute eta duela gutxi hil da. UPN, Foro Asturias, VOX eta PPko diputatu bat izan dira horren aurka bozkatu duten bakarrak.

Axier Lopez @axierL 2020ko ekainaren 12a

Navarra Suma osatzen duten alderdiak ezberdin bozkatu dute stegunean Espainiako Kongresuan torturatzaile frankistei dominak kentzearen aldeko bozkaketan. 

Ciudadanosek babestu du neurria, PPk abstentziora jo du eta UPNko Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek, VOX eta Foro Asturiaseko diputatuekin bat eginda, , torturatzaileei dominak kentzearen aurka azaldu dira,

Espainiako Diputatuen Kongresuak babes zabala eskaini dio legez besteko proposamenari,  aldeko 207 botorekin, kontrako 57 botorekin, eta 86 abstentziorekin. PSOEk eta Unidas Podemosek adostu dute ekimena, Ciudadanosen ekarpen batzuk barne. Hiru alderdi horien aldeko botoaz gain, ERCk, Junts per Catalunyak, EAJk, EH Bilduk, Mas Paisek, Compromisek eta BNGk ere aldeko botoa eman dute.

Proposamenak honako hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari: "Estatuak diktadura frankistako funtzionarioei eta agintariei emandako kondekorazioak eta sariak errebokatzea, baldin eta, eman aurretik edo ondoren, balio demokratikoekin eta giza eskubideekin nabarmen bateraezinak diren ekintzak edo jokabideak egin badituzte". Eta gaineratu du errebokazioa hil ondoren ere egin ahal izango dela, kondekoratutako pertsona hilda egonik ere.

Horregatik, eta bereziki, Billy el Niñori emandako dominak kenduko dituzte, Buenos Airesko (Argentina) Auzitegi Kriminal eta Korrekzional Federalean jarraitutako auzi kriminalean torturak eta gizateriaren aurkako delituak egotzita.