Nafarroako Parlamentuan berriz ere eztabaidagai izan da Lizarrako Ontzineda lur-sailen hirigintza eskandalua. Kontuen Ganberak txosten oso kritikoa kaleratu zuen 2006tik aurrera Lizarrako Udalak balizko kirol instalazio batzuk eraikitzeko sinaturiko hitzarmenaren kudeaketaren inguruan eta asteazken honetan ganbera horretako presidente Asun Olaetxea izan da ondorioak aurrez aurre azaltzen parlamentariei.
Olaetxearen esanetan, Lizarrako Udala oso egoera zailean utzi dute Maria Jose Fernandezek (PSN) eta Begoña Ganuzak (UPN) alkate ziren garaietan sinaturiko klausula osagarriek.
Denera lurjabeei 14,6 milioi euro ordaintzera behartuta egon daiteke EH Bilduren eskuetan dagoen egungo udala. Hain zuzen Begoña Ganuza legebiltzarreko batzordearen saio horretan izan da, parlamentaria baita oraindik, baina gai horretaz hitz egin izan den beste saioetan ez bezala, oraingoan ez du adierazpenik egin. Haren alderdi kide Luis Zarraluqui aritu da alkate ohiaren jardunaren defentsan, azalduz “erantzukizunagatik” sinatu zituela klausulak, baina argibide gehiago eman gabe.
PSNk ere ez du parlamentuan azalpenik eman eta Inma Jurio sozialisten ordezkariak udaletxean oposizioan zeuden alderdiengan jarri nahi izan du ardura, hitzarmena beraiek ere onartu zutela esanez. Hitzarmena udal plenoan onartu zen, baina Olaetxeak batzorde horretan bertan azaldu zuenez udala erabat zorpetu duten klausula osagarriak udal gobernu batzordearen baimenik gabe sinatu zituzten bai Fernandezek eta bai Ganuzak.