argia.eus
INPRIMATU
UNRWA eta Hamasen arteko lotura “frogatu gabea” dela ebatzi du Nazioarteko Justizia Auzitegiak
  • Ebazpena errefusatzen duela argitu du Israelgo Kanpo Harremanetako ministerioak. Israelek Gazarako laguntza humanitarioa "onartu eta sustatu" behar duela ere dio Hagako auzitegiko ebazpenak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urriaren 23a
UNRWAk Gazako Zerrendan zuen eraikinetako bat Israelgo armadak suntsituta. Amnesty International

UNRWA Palestinar Iheslarientzat Laguntza eta Lan Bulegoaren eta Hamas erakundearen arteko ustezko loturak "frogatu gabeak" direla ebatzi du Nazioarteko Justizia Auzitegiak. NBEren egiturak Gazako Zerrendara bideratzen zuen laguntza humanitarioa blokeatzeko erabilitako argudioa izan da UNRWAko langile batzuk Hamaseko kide zirela, baina hori Israelek inoiz ez duela frogatu argitu du Hagako auzitegiak.

Ebazpen inportantea da, baina "erabat errefusatzen" duela argi utzi du Israelek: "Nazioarteko zuzenbidearen babesean Israelen aurkako neurri politikoak ezartzeko beste saiakera politiko bat da hau", argudiatu du Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Oren Marmorsteinek. Estatu sionistak duela kasik urtebete erabaki zuen UNRWAri Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean lan egitea debekatzea, iazko urriaren 28an Israelgo Parlamentuan onartutako bi legeren bidez gauzatu zuen debekua.

Bestalde, Israelek Gazarako laguntza humanitarioa "onartu eta sustatu" behar duela dio Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpenak. Orain arte bideraturiko "blokeoak" ondorio "katastrofikoak" izan dituela deitoratu du ebazpena irakurtzerakoan auzitegi horretako presidente Yuji Iwasawak.

Gosetea "gerra tresna gisa"

Estatu sionistak gosetea "gerra tresna" gisa erabiltzea ere deitoratu du Hagako ebazpenak. Hain zuzen, urriaren 10eko su-etenaz geroztik, 900 bat kamioi bakarrik sartu dira Gazako Zerrendara.

Alta, Israelek gatibuen eta preso palestinarren trukea egin ondoren ireki behar zituen pasabideak, egunero 600 kamioi sartzen utzita. Hots, adostutakoaren %15 bakarrik iritsi da Gazako Zerrendara. Hamasek hildako bahituen gorpu guztiak ez dituela entregatu argudiatuta ari da Israel laguntza humanitarioari bidea mozten.