Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak ostegun goizean azaldu duenez, bere alderdiak ez du babestuko euskal alderdiek Espainiako Kongresuan Felipe Gonzalez eta GALen arteko harremana ikertzeko batzordea. Berriki argitaratu den CIAren dokumentu batek baieztatu du Espainiako presidente ohiak agindu zuela GALen sorrera.
"Mundu guztiak daki zer gertatu zen" Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiaren eta GALen inguruan, Pablo Echenique Unidas Podemosek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen arabera. Ostegun honetan azaldu duenez, bere alderdiak baztertu egin du CIAk Gonzalezi buruz idatzitako dokumentuari garrantzi handiagoa ematea.
Echenique harrituta agertu da Gonzalezen eta GAL ikertzeko Kongresuan batzorde bat sortzeko proposamenarekin, "indar politiko batzuek planteatuta" dagoelako –EH Bilduk proposatu du eta EAJ alde agertu da–. Bere buruari galdetu dio ea "hori planteatzen dutenek ez ote dakiten zer gertatu zen, ministro bat eta Estatu idazkari bat zigortuta daudenez gero", esan du, Jose Barrionuevoren eta Rafael Veraren aurkako epaiari erreferentzia eginez. Segundo Mareyren bahiketagatik bakarrik zigortu zituzten biak.
"Demokraziaren garai ilun horri buruz dugun iritzia oso ezaguna da", berretsi du Echeniquek, eta CIAren txostenak "ezer berririk" ekartzen ez duela eta "hedabide espainiarren prentsa-zatiekin" egina dagoela esan du, nahiz eta hori ez den dokumentutik ondorioztatzen den zerbait.
EH Bilduren ekimena Kongresuko Mahaian bozkatu behar da eta Espainiako Senatura ere eramango dute.
Bitartean, CIAren dokumentuaren ondorioz, Juntsek, EAJk, ERCk eta EH Bilduk babesa eskatu dute Europako Parlamentuan, Espainiako Estatuko "isiltasuna" salatzeko.