argia.eus
INPRIMATU
“Unibertsitate pribatua merkeago ateratzen zaio Jaurlaritzari”
  • Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikora bideratzen duen finantzazioa Europa, Espainia eta Frantziako batez bestekoa baino txikiagoa dela kaleratu du ELAk. Datuen irakurketa egin digute sindikatuko kideek: unibertsitate publikoaren aldeko apusturik ezaz eta joera pribatizatzailearen arriskuez ohartarazi digute. "Oso herrialde gutxi dago gu baino finantzazio publiko txikiagoa egiten duena unibertsitate publikoan".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 20a

2012tik 2018rako datuak aztertu ditu ELAk, Eustat eta Eurostat estatistika erakundeak kontuan hartuta. Batez beste, Barne Produktu Gordinaren %0,91 bideratzen dute Europako estatuek unibertsitate publikora,%1,04 Frantziak eta %0,82 Espainiak. EAEn, Eusko Jaurlaritzak %0,4 bideratzen du EHUra, Europako batez bestekoaren erdia baino gutxiago.

“Jaurlaritzak ez du behar beste inbertitzen, eta gainera urtez urte murrizten doa portzentajea –adierazi digu Juantxo Mokoroak–. Aldi berean, EHUren aurrekontuan Eusko Jaurlaritzaren ekarpena eta pisua ere gero eta txikiagoa da: %76,5ekoa zen 2012an eta %73,6koa da gaur egun”. ELAk eskatzen du inbertsio publikoa gehitzea gutxienez Europako batez bestekora.

"Basque Culinary Centerri ere dirulaguntzaz gain eraikina utzi diote, EHUko Medikuntza fakultateko eraikina urtetan geldirik dagoen bitartean"

Juantxo Mokoroa eta Ane Bilbao ELAkideei deigarri egin zaie datua hasiera batean, baina azkar atera dute ondorioa: “Ez dago unibertsitate publikoaren aldeko benetako apusturik –dio Bilbaok–. Merkeago ateratzen zaizkio ikasketa pribatuak, eta Eusko Jaurlaritzaren azken mugimenduak ikustea besterik ez dago: Euneiz Gasteizko unibertsitate pribatuari sekulako dirutza eman dio, nahiz eta behin baino gehiagotan errepikatu dugun Euneiz eskaintzera datorren ikasketak aseta ditugula gurean; edo Basque Culinary Centerri ere dirulaguntzaz gain eraikina utzi diote, EHUko Medikuntza fakultateko eraikina urtetan geldirik dagoen bitartean”.

Merkatu pribatuaren logika ikasketetan

Egoera honetan, batetik inbertsio falta nabaria dela dio Bilbaok (soldatetan, murrizketetan, lan baldintzen debaluazioan… nabari dela azaldu digu), eta bestetik unibertsitateak finantzaketa bide berriak bilatu behar dituela: “Merkatu pribatuaren logika iristen da ikasketetara eta hainbat karrera alboratuta geratzen dira, merkatu logikaren lehia horren barruan”. Aldi berean, enpresa pribatuekin lankidetza sustatzeak arriskua dakar “merkatu pribatuaren logika ikasketetan sartzeko”.

Euneiz edo Basque Culinary Center gisako unibertsitate pribatuen ugaritzea arriskutsu ikusten du Bilbaok: “Gizarteko desoreka eta ezberdintasunei aurre egiteko dugun tresna orekatzailerik eraginkorrenetakoa izan behar luke hezkuntzak, unibertsitateak horren ispilu izan behar luke, aukera berdintasuna bermatu behar luke, baina joera pribatizatzaileak elitearentzako baino ez diren ikasketak hobestea eta desorekan sakontzea dakar”.