Badakit irakurle askoren galdera ez dela “zenbat?”, baizik eta “zenbat gutxiago?”. E-29tik I-29ra ez dago hainbesteko tartea, eta greba biak arrazoi beragatik deituak izan direla kontuan hartu behar da. Greba bera bi aldiz egin dela esan daiteke, eta konparazioak saihestezinak dira, gaztelaniazko esamoldearen arabera gorrotagarriak izan arren. Batez ere, konparatutako bi aldeetako batentzat.
Bilboko Bihotz Sakratu plaza ingurutik abiatu da UGT eta CCOOk “Euskadiko manifestazio nagusitzat” iragarria zutena. Han izan dira sindikatu bietako EAEko idazkari nagusiak, Unai Sordo (CCOO) eta Damaso Casado (UGT), manifestazioaren buru zihoan pankartari eusten. Aurretik, Sordo mintzatu da hedabideontzat, eta testu honen lehenengo paragrafoa idaztera bultzatu nauten adierazpenak egin ditu: “Euskadin grebak izan duen jarraipenaz balorazio positiboa egiten dugu. Jakin badakigu testuinguru zailean egin dela, sindikatu abertzaleek bizkarra eman diotelako eta horrek emaitza baldintzatu duelako. Baina milaka eta milaka euskal langilek hartu du parte greba orokor honetan; euskal, espainiar eta europar sindikalismoek asko zuten jokoan irailaren 29 honetan, eta sindikatu abertzaleak, greba deitzeari uko eginez, jokoz kanpo geratu dira”.
“Zapaterori eskatzen diogu bere lan eta ekonomia arloetan politika aldatzeko, edo sindikatuen aurkako konfrontazio latza izango du”
Grebak Espainiako Estatuan izan duen emaitza baloratu ostean egin ditu Sordok adierazpen horiek. “Edozein interpretazioren gainetik” mobilizazioak erabateko arrakasta izan duela azpimarratu nahi izan du CCOOkoak. Rodriguez Zapaterori mezua bidali diote: “Askok planteatu dute greba hau sindikatuen suizidio bat bezala; izandako arrakastak, aldiz, zera frogatu du: hemendik aurrera politikoki bere buruaz beste egingo duena langileen eskaerak aintzat hartzen ez dituena izango da. Greba honek politikak aldarazi behar ditu, edo politika horiek gobernuak erori araziko dituzte. Zapaterori eskatzen diogu bere Lan eta Ekonomia arloetan politika aldatzeko, edo sindikatuen aurkako konfrontazio latza izango du. Hori da gure posizioa, eta greba honen emaitzak posizio hori indartu du”.
Hori esan, eta hortxe abiatu da manifestazioa, gorria nonahi –zer zaila den UGT eta CCOOren banderak elkarrengandik bereiztea!-, “S-29, Huelga General”, “Euskadin ere greba orokorra”, eta lan erreformaren aurkako leloak oihukatzen. Hasieran planteatu ditudan bi galderen erantzunaren zain bazaudete, utzi hemen esperantza oro. Sekula ez naiz fidatu manifestazio bat, izan kanpotik izan barrutik, ikusten ari denaren pertzepzioaz, ezta nireaz ere. Niri iruditu zait E-29an baino jende gutxiago izan dela Bilbon gaur, baina ez askoz gutxiago. Kasu bietan “milaka batzuk” da eman dezakedan arraposturik zintzoena. Eta konparazioetatik harago, arrakasta izan du grebak Bizkaian? Irakurri dituzue Unai Sordoren hitzak...
Informazio gehiago:
- Unai Sordoren esanetan Gobernuak "kontuan eduki" beharko du gaurko greba
- Greba orokorra deitu dute Espainian eta Hego Euskal Herrian