argia.eus
INPRIMATU
“Garajetik lanera eta lanetik garajera bideratzen zaituen hirigintza komunikazioaren kontrakoa da”
  • Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldiak egin zituzten urtarrilean Donostian eta bi arlo horien arteko harremana aztertu zuten. Jardunaldietan parte hartu zuen Unai Fernandez de Betoño arkitekto eta EHUko irakaslea elkarrizketatu du El Diario Vascok. Hona pasarte batzuk euskaratuta.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 03a
Unai Fernandez de BetoƱoren esanetan, "hesitutako etxebizitza familiabakarren inbasioa dago". (Dani Blanco)

Lurralde antolamendua erabili al daiteke euskararen presentzia indartzeko? Fernandez de Betoñok baietz uste du, bi modutara: "Batetik, kuantitatiboki: Urola Kostan adibidez 200 etxebizitza berri behar badira, Aian eraikitzea ezinbestekoa da ala hizkuntzaren aldetik eragin gutxiago izango duen beste lekuren batean eraiki daitezke? Begirada altxatzea eta eskualde ikuspegia kontuan hartzea eskatuko luke horrek, dena udal ikuspegitik konpondu nahi izan beharrean. Kualitatiboki berriz, hesitutako etxebizitza familiabakarren inbasio hori dago; jendea garajetik lanera doa eta lanetik garajera, bidean inorekin hitz egin gabe. Bizimodu inportatu horrek ez du zerikusirik gure bizitzeko moduarekin, eta ahozkotasunaren kontra doa, komunikazioaren kontra. Eta ez da euskarari soilik eragiten dion zerbait. Hizkuntza guztiei eragiten die eta elkarbizitzaren aurkako erasoa da batez ere. Berdin gertatzen da igogailuak zuzenean garajetik pisura eramaten zaituzten etxeetan, gutxiago hitz egiten duzu bizilagunekin; eta berdin merkataritza zentroekin; hiriburuak baino lotzen ez dituzten azpiegitura handiekin; kaleari bizitza ematen dioten saltoki txiki tradizionalekin... Hain zuzen, diskurtso hau ez dator euskararen mundutik bakarrik. Mugimendu oso bat dago, 'new urbanism' edo hirigintza berria, betiko hirigintza zaharra sustatzen duena, kaleari harreman-gune bezala garrantzia ematen dion hirigintza mota".

"UEMA, Kontseilua eta Gipuzkoako Diputazioa arnasguneekin lotura duen proiektu bat ari dira lantzen, euskaldun portzentaje handia duten eta euskara arnasten den guneekin. Horiek babestea, indartzea eta ahal bada zabaltzea da helburua".

Informazio gehiago:

Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldiez idatzi zuen Onintza Irureta kazetariak blogean: Hirigintza planek eragiten al dute euskal hiztunengan?