Txileko Las Tesis kolektibo feministaren bideo batean oinarrituta jarri dute salaketa, "fuego a los pacos" (poliziei sua) diotelako.
20 minutos hedabidearen arabera, Txileko Carabineroek Las Tesis taldearen aurka salaketa jarri dute, Un violador en tu camino munduan oso ezaguna egin den abestiaren sortzaileen kontra. Euren sare sozialetara igotako bideo batek “polizien aurka indarkeriaz oldartzera” bultzatzen duela argudiatu du Txileko Poliziak.
“Pakoei sua", zion maiatzaren 27an YouTube plataformara igotako bideo batean Las Tesis taldeak. “Pako” delako adiera Txilen Carabineroak izendatzeko erabiltzen den mespretxuzko forma da.
Indar polizialek salaketan argudiatzen dutenez, "kezkagarria” da kolektibo horren jarduerak poilizien eta haien “langileen” aurka “bortxazko” erreakzioak eragin ahal izatea. Gertakari isolatua izatetik urrun, “2019ko urriaren 18tik aurrera ohiko ekintza” bihurtu dela arrazoitu du Poliziak.
Data horietan Txilen “eztanda sozial” deiturikoa hasi zen. Berdintasun soziala aldarrikatzen zuten manifestaldi masiboak egin ziren herrialde osoan. Txileko indar armatuen erantzuna oso bortitza izan zen.