argia.eus
INPRIMATU
Euskararen erabileran zenbait jarrera aldatzen laguntzeko esketxak aurkeztu ditu Jaurlaritzak
  • Euskal hiztunei ohikoak zaizkigun egoerak esketx umoretsutan islatuta aurkituko ditugu www.aldatutxipa.eus webgunean. Hauen bidez euskararen inguruko aurreiritzi eta jarreretan eragitea da Eusko Jaurlaritzaren egitasmo honen helburua.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 12a
Umoretik, euskaldunon hainbat jarrerari buruz gogoeta eragin nahi du Jaurlaritzak.

Ostegun goizean aurkeztu dute "eta txipa aldatuko bagenu?" egitasmoa Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendariak. Aipaturiko webgunean gaur hasi eta datozen hilabeteetan zabalduko diren esketxen bidez, euskal hiztunen ohiko hainbat egoera eta aurreiritzi islatuko dira. Umorea lagun hartuta, hauen inguruko gogoeta eragitea da helburua: txipa aldatzea.

Ezezagunari, euskaldun berriari, haurrari... nola egiten diezu?

Nori ez zaio inoiz gertatu kalean topatutako ezezagunari automatikoki gazteleraz galdetzea eta erantzuna euskaraz jasotzea? Gurean ohiko egoerak dira aipaturiko hori edo haurrari euskaraz mintza dadila eskatu dion horrek bikotekidearekin “gauza serioez” gaztelaniaz egitea; edo euskaraz ikasten ari direnekin euskarazko hizketaldi bat izateko pazientziarik ez hartzea; edo kide bakarraren baitan talde osoak erdaraz egitea...

Umorez eguneroko egoera horiek islatu eta hiztunen jarrerak eta aurreiritziak deseraikitzea da egitasmo honen helburua, jarrera positiboa eta aktiboa bultzatzea. Euskaraz jarduteko eskaera darama barnean, edonorekin, edozein egoeratan.

#aldatutxipa

Sare sozialetan bideo hauek zabaltzeko eta gogoetak partekatzeko gonbidapena luzatu du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako #aldatutxipa traola erabiltzea proposatu du.