Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala eskaintzea da xedea.
41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak Gazako eskolen jardunak aurrera segi dezan. Nafarroako Kutxa Fundazioari esker diru horrek bermatuko du gutxienez urtebetez gurasoak eta are senide guztiak galdu dituzten haurrei arreta eskaintzea. Eskolara buelta izena du egitasmoak eta 240 ikasleri eskainiko die hezkuntza: alor akademikotik harago doan babesa izanen dute. 6 eta 12 urte arteko haurrak izanen dituzte hazi eta hezteko. Gazan 70 urtez aritu den Al-Amal Institutuak bideratuko du proiektua bertatik bertara.
Oinarrizko ezagutzak jasoko dituzte ikasleek: arabiera, matematikak, zientzia edota ingelesa metodologia aktiboen bitartez, baina haratago ere joko dute: babes psikologikoa eta laguntza emozionala eskaintzea ere badu xede. Autoestimua, erresilientzia eta gizarteratzea bultzatuko dute, egun haur diren baina etorkizuneko heldu izanen diren palestinarren artean.
Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundea 2023ko urriaren 7ko gertaeran ostean sortu zen Nafarroan. Zubi lanak egiten ditu bi lurraldeen artean, izan ere, hango eta hemengo bizilagunek osatzen dute eta kontaktu zuzena duten han gertatzen ari denarekin uneoro.
Zubi lanak Nafarroa eta Gaza artean
Gazan egoera hitzez nolako den adieraztea kontaezina dela nabarmendu dute. Latza. Dramatikoa. Eta erresistentzia da nagusi, biziraupena. Gosez, egarriz eta beroz hiltzen dituzten bitartean, Mundua beste alde batera begira dagoela salatu dute Salam Gaza erakundetik. Gobernuz Kanpoko Erakunde txikia izanagatik ere, pausoka, laguntza eta babesa eskaintzen ari da Palestinan. Nafarroan, erakundeetan aurkeztu dute euren burua eta eurekin bat egiteko gonbidapena egin dute. Orain udalez-udal ari dira lanketa hori egiten.