Finlandiako hainbat ikerketen emaitzek haurrak mahaietatik altxa eta ariketa fisikoaren eta mugimenduen bidez ikastera bultzatzen dituela irakurri dugu Ukedchat webgunean. Umeek zein helduek gero eta ariketa eta aktibitatea fisiko gutxiago egitea arazo globala bihurtu da. Finlandian ari dira umeak "dantzan" jartzeko asmoz metodo berriak probatzen.
Lehia fisikoak desmotibatuta
Finlandiako txosten baten arabera, lehia fisikoak mugimendurako eta ariketak egiteko gogoa kentzen du. Gorputz hezkuntzarekin lotutako ebaluazioek, alderaketek eta lehiakortasunak esperientzia negatiboak ekar ditzakete. Emaitzetara bideratutako ariketa fisikoak gustatzen ez zaizkien ume eta nerabe askok askatasun gehiagoko ariketen bidez disfrutatzen dute, dantzaz adibidez.
"Gorputz adierazpenean eta dantzan, sentimenduen adierazpenekin, interakzio sozialarekin eta parte-hartze kulturalarekin uztartzen da ariketa fisikoa. Horrela, ikasketen eta ongizatearen arteko lotura multidimentsionala sortzen da eskolako testuinguruan. Horregatik, dantzak arazo mentalen eta haurren eta nerabeen baztertze sozialaren aurrean paper garrantzitsua bete dezake", idatzi dute Helsinkiko Arteen Unibertsitateko ikerlariek.
Lagunekin dantzan
Kideekin batera dantzatzeak umeen arteko konfiantzan lagun dezake. Dantzatzeak gorputz adierazpenari lotutako aurreiritziak gutxitzen ditu, antzezteko beldurra gainditzea adibidez. Orokorrean, kalitate altuko dantzaren pedagogiak umeen ongizaterako potentzial handia du. Nazioarteko ikerketen arabera, kognizio sozialaren garapenarekin lotuta dago dantza, enpatiarekin esate baterako. Ikerketak erakusten du autismoa, trastorno emozionalak, kognitiboak edo ikasketetan arazoak dituzten haurren gaitasun akademikoa hobetzen laguntzen duela dantzak.