Espainiako Estatuko alderdi ultraeskuindarren jarraitzaileek eraikinak okupatzeari ekin diote azken hilabeteetan. “Etxetik kaleratu dituzten espainiarrei aterpea eta laguntza emateko” xedea dute “zentro sozial” ultraeskuindarrek eta Italian dauden antzeko esperientzietan oinarritu dira.
MSR (Mugimendu Sozial Errepublikarra) alderdi politiko neonazia, Liga Joven edota España 2.000 taldeak erlazionatzen dituzte mugimendu honekin. Italiako Casa Pound proiektuan oinarritu dira eta eraikinak Zaragozan eta Madrilen okupatu dituzte. Castellón ere beste eraikin bat bere egin dute, baina hau hondatuegia dago. Bartzelonako Casal Tramuntana eta Valentziako Mª Luisa Navarro etxe sozialarekin ere erlazionatu dituzte azken okupazioak.
Zaragozako “etxe soziala”
Ekainean MSR alderdiaren jarraitzaileek Zaragozako Las Fuentes auzoan dagoen eraikin bat okupatu zuten. Ohar bat igorri zuten esanez ez zutela zerikusirik MSR edo inolako alderdi edo talderekin, baina okupazioa hasi zutenetik MSRren siglak eta sinbologia duten panfletoak banatu dituzte.
"Las Fuentes eta Zaragoza multi-arraziala. Bizikidetza duinaren alde, faxistak gure auzoetatik at" lemapean ultraeskuindarren kontrako manifestazioa egin zen uztailaren erdialdean, eta okupatutako eraikinaren aurrean komunikatu bat irakurri zuten. “Etxe sozialaren” kideak "pobreziak ez du aurpegirik" idatzita zuen pankarta batekin erantzun zieten manifestatzaileei.
Madrilgo “etxe soziala”
Zaragozaren ereduari jarraituz, Madrilgo Tetuan auzoan ere eraikin bat okupatu zuten abuztuan. Talde antifaxistek kontrako manifestazioa deitu zuten abuztuaren 30ean "arrazistak gure auzotik kanpo" lemapean.
1.000 pertsona inguruk hartu zuten parte manifestazioan, eta, Zaragozan egin zuten bezala, okupatutako eraikinaren aurrean komunikatu bat irakurriz bukatu zuten. Ez zen istilurik egon, baina okupatzaile batzuk agur faxistarekin erantzun eta irainak bota zituzten eraikinaren teilatutik.