Norbert Hofer FPÖ alderdi ultraeskuindarreko ordezkariak irabazi du Austriako hauteskunde orokorren lehen itzulia, botoen %36,4 eskuratuta. Hauteskunde aurreko inkestek ez zuten halako emaitzarik iragarri.
Hoferrek Alexander van del Bellen ekologista (botoen %20,4) eta Irgmard Griss hautagai independentea (botoen %18,5) izango ditu aurkari maiatzaren 22an, bigarren itzulian. Herrialdeko presidente izateko, gutxienez bozen %50 eskuratu beharko dute hautagaiek. Politikan adituek herrialdeko ORF telebista publikoan azaldu dutenez, posta bidez igorritako botoek adieraziko dute nor izango den Hoferren aurkari, alderdi ekologista edo hautagai independentea.
Historian lehen aldiz, lehiatik kanpo gelditu dira urteetan hegemonia izan duten alderdi sozialdemokrata eta demokristaua. Botoen %11,2 eskuratu dute bi alderdiek. Azken boladan, eta FPÖ alderdia gorantz zihoala ikusirik, ultraeskuinaren diskurtsora hurbildu dira bi alderdiak (azken hilabeteetan errefuxiatuen aurkako jarrera gogortu dute, esaterako), baina jarrera aldaketa hori ez zaie aski izan.
Hoferrek errefuxiatuen aurkako jarrera gogorra erakutsi du hauteskunde kanpainan. “Islama ez da Austria eta ez dut gehiengo musulmana duen herrialdea izaten amaitu nahi”, adierazi du, besteak beste. Hala ere, alderdi ultraeskuindarra gorantz doa, 2013ko hauteskunde orokorrean eskuraturiko babesa indartuz: FPÖ hirugarren alderdi bozkatuena izan zen 2013an.