Ukrainaren Europako aliatuak Zelenskirekin bildu dira, eta menia astelehen honetan indarrean jartzea proposatu dute, Errusiak jada ezezkoa eman badu ere. Boluntarioen koalizioko agintariek azpimarratu dute garrantzitsua dela Ukrainari laguntza militarra ematen jarraitzea, "bere burua defendatzeko" behar duena izan dezan. Garaipenaren Egunaren harira, hiru eguneko aldebakarreko su etena deklaratu du Putinek, baina Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote erasoekin jarraitzea.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Boluntarioen koalizioko Europako hainbat herrialdetako agintariekin bildu zen larunbatean, Kieven eta Moskuren arteko bake negoziazioen inguruan mintzatzeko. Hain zuzen, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroa izan ziren bilera horretan, eta Ukrainak proposatutako 30 eguneko su etena onartu ezean, zigor ekonomikoekin mehatxu egin zioten Errusiari.
Ukrainaren aliatuek azpimarratu zuten garrantzitsua dela Kievi laguntza militarra ematen jarraitzea, ez soilik "bere burua defendatzeko behar duena" izan dezan, baita "Europa osoaren segurtasunagatik" ere. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, ordea, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan iragarri zuen Errusiak ez zuela onartuko Ukrainak proposatutako su etena, azken horrek armak jasotzen jarraitzen bazuen. Gainera, zigorretara ohituta zeudela adierazi zuen Peskovek, eta, beraz, zigorrekin beldurtzea "denbora galtzea" dela.
Ukrainak egindako proposamenari erantzunez, Turkian aurrez aurreko bake negoziazioak edukitzea proposatu zion Putinek Zelenskiri. Bada, igandean eginiko prentsaurrekoan, Ukrainako presidenteak adierazi zuen prest zegoela ostegunean bertan elkartzeko Errusiako bere homologoarekin, eta Donald Trump AEBetako presidenteak hala egiteko agindu ziola. Halere, aurrera begira biltzeko gonbita luzatu zion Zelenskik Putini.
Garaipenaren Egunak ez ditu erasoak geldiarazi
Bigarren Mundu Gerraren amaieran Armada Gorriak naziak garaitu zituela gogoratzen da Garaipenaren Egunean, eta joan den asteko ostiralean 80 urte bete ziren gertakari hartatik. Ospakizun horren harira, ostegunetik igandera bitarte iraun beharko zukeen su etena deklaratu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, baina Ukrainak ez zuen onartu, horren ordez 30 eguneko menia akordioa sinatu nahi zuela argudiatuta. Bada, aldebakarreko su etena indarrean jarri zen egun berean Ukrainako Fiskaltzak salatu zuen Errusiak Sumi hiriko etxebizitza eraikin bati eraso egin ziola eta emakumezko bat hil zuela.
Moskuk ukatu egin zuen Kieven akusazio hori, eta nabarmendu zuen Garaipenaren Egunaren harira eten egin zituela "borroka operazio guztiak". Gainera, Errusiak salatu zuen Ukrainako armada Kursk eskualdean barneratzen saiatu zela –abuztuaren hasieran okupatu zuen Kievek eskualde horretako eremu handi bat, duela gutxi Moskuk kanporatu zuen arte–.
Xi Jinpingekin bildu da Putin
Nazien gaineko garaipenaren 80 urtemuga medio, nazioarteko hainbat herrialdetako buruak bertaratu ziren Errusiara joan den astean. Esaterako, asteazkenean Nicolas Maduro Venezuelako presidentearekin eta Miguel Diaz-Canel Kubako haren homologoarekin bildu zen Putin; gauza bera egin zuen ostegunean Txinako Xi Jinping presidentearekin, eta azken horren inguruan Kremlinek ohar batean adierazi zuen bi herrialdeen arteko harremanak "inoizko garairik onenean" daudela. "Mundu multipolar justuago eta demokratikoago bat" bultzatzen ari direla ere nabarmendu zuten bi agintariek.