argia.eus
INPRIMATU
Ukrainan misilez botatako Malaysiako hegazkinaren kutxa beltzak entregatu dituzte
  • Ukrainako oposizio armatuak uztailaren 17an misil batek jota bota zuten hegazkinaren kutxa beltzak entregatu dizkie Malaysiako ordezkariei.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 22a
Borodaik azaldu du kutxen analisiak "benetan gertatutakoa" argitzen lagunduko duela.

Bi kutxak “egoera onean” daudela esan du Mohamed Sakrik, Malaysiako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko kideak. Orain hiru zeregin gelditzen direla adierazi du: gorpuak aberriratu, objektu pertsonalak jabeei banatu eta kutxa beltzak lekualdatu.

Kutxak jaso ostean, 282 hildakoen gorpuak eta gainontzeko hildakoetatik errekuperatu ahal izan diren gorputz-atalak Donetsketik Jarkov hirira abiatu dira, bagoi-hozkailudun trenean. Jarkoven gorpuak 30 bat adituk jasoko dituzte, eta ostean, aberriratuak izango dira bakoitza dagokion herrialdean.

Donetskeko lehen ministro Alexander Borodaik azaldu du kutxa beltzen analisiak “benetan gertatutakoa” argitzen lagunduko duela. “Ukrainiako sektoreak” ikerketan ez duela interesik eta hildako guztiak “Donetsk eta Lugansk errepubliken aurka Kieveko gobernuak aitortu ez duen gerraren” biktima direla gaineratu du.

Kutxak entregatu baino ordu batzuk lehenago, Ukrainiako lehen ministrorde Volodimir Groismanek iradoki zuen oposizioak kutxak manipulatu zituela. Hauek “horretarako adina teknologiarik” ez dutela erantzun dute, “are gutxiago hegazkina botatzeko arrazoirik”.