argia.eus
INPRIMATU
Ukrainako lehen ministroak dimititu du protestak baretzeko asmoz
  • Mikola Azarov Ukrainako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du azken asteetan herrialdean nagusitzen ari den protesta giroa baretzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko urtarrilaren 28a
Kieveko kaleak guda zelai bihurtu dira azken hilabeteetan (argazkia: RT.com).

“Ukrainako presidenteari nire dimisioa onar dezan eskatzeko erabaki pertsonala hartu dut, gatazka konpontzeko konpromiso politikoa sustatzeko helburuarekin”, adierazi du Azarovek komunikatu batean.

Parlamentuak protesten kontrako legeak bertan behera uzteko saio berezia zabaltzearekin batera etorri da iragarpena.

Joan den hilabetean onartu zituzten neurri horiek eta istilu larriak ekarri dituzte gobernuaren kontrako manifestarien eta poliziaren artean.

Errusia ala EB?

Bi hilabetez protesta gogorrak izaten ari dira herrialdean.

Azaroaren 21ean hasi ziren Viktor Janukovitx presidenteak Errusiarekin lotura estuagoa hartzea erabaki zuenean, Europar Batasunarekin akordio politiko eta komertzialak bartertuz.

Oposizioa baretu nahian

Atzo Janukovitxek berak oposizioko kideei gobernuko goi mailako karguak eskaini zizkien, baita konstituzioan aldaketak egitea ere eta protestetan atxilotutako pertsonentzako amnistia, baldin eta protestak eteten badira.

Azaroven dimisioa bide beretik dator, bera izan baita gobernuaren kontrako indarren artean haserre gehien piztu duen figuretako bat.

Ikusteko dago horrek oposizioa baretuko duen. Dena den, gobernuaren kontrakoen eskaera nagusia Janukovitxek berak dimititzea da.