argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Ukrainako “eskarmentua” Asia Ekialderaino heltzen ari da
  • Maiatzaren 12an Filipinetan egingo diren Bongbong Marcosen agintaldiaren erdiko hauteskundeek eman dezakete argibideren bat herritar xeheen artean kezka noraino errotu den begiztatzeko.

Mikel Aramendi 2025eko martxoaren 11

Baina ez da gehiegi espero behar haietatik ere alor horretan: lehiak eta ika-mikak tokian tokikoak dira, egungo politika filipinarra blaitzen duen Marcos-Duterte gatazkaren testuinguruan kokatzen badira ere. Eta horrek bai duela –eta are gehiago, izan dezakeela– zerikusia eskarmentuaren korapiloarekin.

Korapiloa da Asia Ekialdeko elite politikoen artean aizkorakada bezala erori dela Etxe Zuriko bulego obalean Trump/Vance eta Zelenskiren artean izandako liskarra eta, orokorrago, AEBetako administrazio berriak Ukrainako gerrari eman nahi dion akabera. “Estatu Batuen adiskideen patua” oso hurbileko zerbait da han geografikoki, eta ez horren aspaldikoa historikoki. Anaia Nagusia omen zenaren interesen alde mundu-parte hartan lepoa egin eta galdu zutenak gogoan izango dituzte ondorengoek. Eta Ukrainak biziberritu egingo zien oroitzapena ahaztu samar zutenei.

Astungarri bat du, ordea, oraingoak: Ukrainari buruzko 180 graduko bira-buelta hori Estatu Batuek egin dute, aurreko Biden administrazioak bere agintaldi osoa eman duenean adarrak botatzen Asia Ekialdeko irletako herrialdeak Txinaren aurkako “Indo-Pazifiko” egitasmora erakartzeko. Eta haietako bi bederen –Japonia eta Hego Korea, AEBen aliatu nagusiak, luzaz– Ukrainaren aldeko gerra-ahaleginean gogotik konprometitu arazi dituenean. Salduta geratu direnaren sentipena ez du nolanahikoa izan behar bai Tokion hala Seulen.

Ez da hori, haatik, okerrena. Kezkagarriagoa gerta liteke nork bere etorkizun hurbilerako egin dezakeen irakurketa. “Egungo Ukraina izan daiteke biharko Asia Ekialdea”, zioen Ishibak duela sei hilabete eskas. Hala bada... ikaskizunak ateratzen aritu beharko du berak ere. Oraingoz, arreta eta tentua izango lirateke Japoniako gobernuaren jarrera islatzen duten hitzak: Europar Batasunaren “irmotasuna” hobesteko plantak egiten ditu, baina jakinik azkenean Trumpen borondatea nagusituko dela. AEB eta Errusia adiskidetzea oso albiste txarra litzateke Japoniako gobernuarentzat.

Hego Korean, presondegitik askatu duten baina kargugabetzeko impeachment prozeduraren pean jarraitzen duen Yoon presidentearen estatu-kolpearen krisia lausotzeko balio izan du Ukrainatik heldutako zartakoak. Baina harekin hibridatuz. Taiwanen, asaldura sutu dela esatea gutxitxo izan daiteke.

Buruberoenak hasi dira aliantzen iraulketa baten arriskua ere aurreikusten. Ez da horrenbesterako izango.