Gatazkaren ondorioz Nafarroara iristen diren ukrainarren arreta koordinatzeko zentroa ireki du Iruñean Nafarroako Gobernuak. Asmoa da aterpearekin, asilo eskaerarekin eta dituzten gainerako premiekin laguntzea. “Nafarroak gure lurraldera datozen ukrainar guztiak hartuko ditu, kopurua edozein dela ere”, azpimarratu du Migrazio Politika kontseilariak.
Iristen diren haurrak eskolatzeko, errefuxiatuen harrera antolatzeko, ostatua edo etxebizitzetarako sarbidea errazteko, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eskuratzeko… informazioa eta laguntza koordinatuko dute zentroko hiru langileek. Ukrainar jatorriko jendea hartzen ari diren nafarrei ere laguntza eskainiko diete.
Iruñeko Orreaga etorbidean dago zentroa eta harremanetan jartzeko hainbat bide zabaldu dituzte: 848421971 telefonoa, 620063662 WhatsAppa eta emergencia.ucrania@navarra.es helbide elektronikoa.
Aurreko egunetan, hainbat larrialdi-zerbitzu prestatu dira Nafarroan, Ukrainatik heldutako 33 lagunentzat, horietatik 17 adin txikikoak.
“Nafarrek agertutako elkartasun- eta lankidetza-adierazpen izugarriak” eskertu ditu Gobernuak, eta garbi mintzatu da Migrazio Politika eta Justizia saileko Eduardo Santos kontseilaria: “Nafarroak gure lurraldera datozen ukrainar guztiak hartuko ditu, kopurua edozein dela ere, Nafarroako beste edozein herritarrek dituen eskubide guztiak haiei bermatuz”.