Oleksii Reznikov kargugabetzeko asmoa iragarri du Zelenskik igandean, ministerioak "ikuspuntu berria" behar duelakoan. Aurreratu, eta ministroak berak aurkeztu du dimisioa. Urtarrilean ere egon zen kargugabetua izateko arriskuan, zenbait ustelkeria kasu zirela medio.
Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroak bere dimisioaren berri eman du astelehen goizean, X sare sozialean. Adierazi du "ohorea" izan dela "Ukrainako historia modernoko garairik gogorrenean Ukrainako herria zerbitzatzea eta haren armadaren alde lan egitea azken 22 hilabeteetan".
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bera kargugabetzeko asmoa iragarri ostean dimititu du Reznikov-ek. Izan ere, igandean Zelenskik azaldu du ministerioak "ikuspegi berria" eta militarrekin eta gizarte osoarekin jarduteko modu berriak behar dituela.
Reznikov 2021eko azarotik izan da Defentsa ministro, hau da, gerrak eztanda egin zuenean jada kargu horretan zegoen. Aurretik ere egon da kargugabetua izateko arriskuan, izan ere, urtarrilean Defentsa ministerioko ustelkeria kasu batzuk tarteko, Zelenskik hainbat goi kargudun kanporatu zituen. Defentsa ministroa ez zuen kaleratu orduan, eta Rezkinovek azaldu zuen Zelenskik hala eskatuz gero karguari uko egingo ziola.
Presidenteak aurreratu duenez, Rustem Umerovek hartuko du bere lekua. Umerov 2019tik da diputatu, eta Moskurekin izandako isilpeko zenbait negoziaziotan hartu izan du parte. Ukrainak Itsaso Beltzaren bidez zereala esportatzeko akordioa ere negoziatu zuen. Hain zuzen, astelehenean dira elkartzekoak Zelenski eta Erdogan, zereala Itsaso Beltzean zehar esportatzeko akordioaz hitz egiteko.