Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eskutik 19.700 milioi euroko erreskatea jasotzearen truke, Ukrainak erreforma gogorrak egin beharko ditu.
Duela gutxi Europar Batasunak beste 8.000 milioi euroko laguntza ere onartu zuen Ukrainarentzat.
Ez dira hutsaren truke emandako sosak: “neurri sendo eta irismen handikoak” hartu beharko ditu Ukrainako gobernuak, “ekonomia egonkortzera” bideratuak. Zehatzago esateko: 24.000 langile publiko kaleratu ditzake Jatseniuken gobernuak lehen kolpean; prozesuaren amaieran %20 argaldu nahi du administrazio publikoa; eta gas eta argindar tarifak igoko dira.
Viktor Janukovitx presidente kanporatuaren gobernuak uko egin zion NDFren baldintza horiek onartzeari eta Errusiarekin harreman komertzialak berrezartzeko hautua egin zuen. Horren ondorioz hasi ziren aurreko gobernua bota zuten protestak.
NDFrekin lortutako akordioa ez da erabatekoa oraindik, Christine Lagarde buru duen erakundeak berretsi behar baitu. Datorren hilabetean onar dezakete, behin Ukrainak eskatutako neurriak hartuta dituenean.