argia.eus
INPRIMATU
Malaysiako hegazkina botatzearen ardura elkarri leporatzen ari dira Ukrainan gatazkan diren bi aldeak
  • AEBetako inteligentzia zerbitzuen arabera misil batek jo zuen ostegunean Donetsken eroritako Malaysia Airlineseko hegazkina. Ukrainan gatazkan diren bi bandoek elkarri egotzi diote misila jaurtitzearen ardura.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 18a
Hegazkina erori den lekua. Bidaiari guztiak hil dira (argazkia: Maxim Zmeyev, Reuters)

Hegazkina, Boeing 777 bat, Errusiako mugatik 50 kilometrora erori zen, Sneshnoye herrian, Amsterdam-Kuala Lumpur bidea egiten ari zela. 295 bidaiariak hil ziren.

Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak “ekintza terroristatzat” jo du gertatutakoa. Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek iragarri dute ekialdeko matxinoen arteko elkarriketak bildu dituztela hegazkina bota izana aitortuz. Are gehiago, Ukrainako segurtasun-buruak Reuters albiste agentziari adierazi dio Errusiako inteligentzia militarraren bi agentek ere hartu dutela parte erasoan.

Donetsk eskualdeko Alexander Borodai agintari matxinoak adierazi du beraiek ez dutela 10.000 metrotara dagoen hegazkin bat botatzeko adina armamenturik, eta ardura Ukrainako armadari leporatu dio. Dena dela, su-etena eskaini dute gertatutakoa argitzeko. Hegazkinaren kutxa beltza aurkitu dutela adierazi dute eta nazioarteko behatzaileei emateko prest agertu dira.

Errusiako hainbat hedabidek esan dute misilaren benetako helburua ez zela Malaysian Airlineseko hegazkina, Vladimir Putinena baizik. Iturri horien arabera, bi hegazkinek puntu eta korridore berean topo egin zuten.