Ukraina handi geratzen zaio Merkeli

  • Ukrainako krisiari buruzko analisia egin du Rafael Poch nazioarteko gaietan aditua den kazetariak La Vanguardiako Diario de Berlin blogean. Atzean dauden tentsio diplomatiko eta interesak xehatu ditu.


2014ko maiatzaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-05-13 11:44:59
Angela Merkel Alemaniako kantzelaria eta Vladimir Putin Errusiako presidentea artxiboko argazki batean.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteazkenean eskatu zuen “Ukraina ekialdeko operazio militar guztien amaiera, preso politiko guztien askatasuna eta Kiev eta hego-ekialdeko ordezkarien arteko elkarrizketa zuzenak abiatzea”.

Horrekin batera, Krimeakoaz geroztik errusiazaleak bultzatzen ari diren erreferendumak geratzea proposatu zien independentistei. Pochek dioenez, Alemaniako atzerri ministroak “Putinen tonu eraikitzailea” nabarmendu zuen; ondoren ordea, Angela Merkel kantzelariak bestelako adierazpenak egin ditu, esanez ez duela erakusten Errusiak zein asmo dituen.

Tonu gogorragoan, Kieven Janukovitx bota ostean ezarri den gobernua edozein su-etenen aurka agertu da: “Operazio antiterroristek aurrera jarraituko dute Donetsk eskualdeko talde terrorista batek edo besteak edozer esaten duela ere”. Adierazpenok Andri Parubik egin ditu, Moskuren ustez AEBek Ukrainan duten gizonak –otsailaren 20an frankotiratzaileekin Kieven herritar eta polizien aurka egindako sarraskiaren arduraduntzat dauka Kremlinek–.

Alemaniaren dilema

Testuinguru horretan, Putinen asmoa Alemania Washingtonengandik bereiztea litzateke, Pochek dioenez. AEBek aldiz, zera bilatzen dute: Errusiak Ukraina ekialdea inbaditzea.

Horrelako ekintza militar batek Errusiaren aurkako erantzun armatuak eragingo lituzke Pochen artikuluan irakur daitekeenez. “Kremlinek badaki hori eta ez du etxean Afganistan bat sortzeko asmorik”. Hala ere, egoeraren arina ikusita, Errusiak edozertarako prest egon behar duela esaten da Moskun.

Alemaniari ez zaio interesatzen Washingtondik sustatzen ari diren kaos egoera Pochen aburuz. Horregatik dago Berlin Kremlingo diplomaziaren jo-puntuan. Errusiako gasak Alemaniako eskaeraren %30ari erantzuten dio eta erregai horretan ari dira oinarritzen ikatzaren erabilera murrizteko, baita nuklearrekin amaitzeko ere.

Alemaniaren ekonomiak aurten %1,7 eta %1,9ko hazkundea espero du, eta Ukrainan kaosa areagotzeak edo Errusiarekin guda hotz berri bat hasteak, aurreikuspen horiek hankaz gora jarriko lituzke, baita herrialdea atzeraldian sartu ere Pochen hitzetan.

“Moskuk egoera horrela ulertzen du eta eragiten saiatzen ari da, hogei urteko gehiegikeriak eta bere interesen aurkako espantsionismo politiko-militar atlantistari amaiera jartzeko azken eztanda-sorta gisa”.

Bi korronte

Alemaniako politikariak zatituta daude, dena den, egoeraren aurrean. “Sektore politiko gogor eta belizistenak (CDUtik hasi eta berdeetaraino), prentsaren laguntzarekin, Errusiaren aurkako zigorren aldeko jarrera du”.

Baina patronalak eta industriak galdetzen dute “ea zergatik ez den Europa AEBen itzalpetik ateratzen eta Errusiarekin printzipio-akordio bat sinatu”. Hermann Winkler diputatuaren hitzak jaso ditu Pochek artikuluan. Hark dioenez, 6.200 enpresa alemaniar daude Errusian, 20.000 milioi euro inbertitu dituzte eta Errusiarekin duten komertzioa 300.000 lanposturen oinarria da.

Pochek adierazi du bere ustez nahikoa litzatekeela “Ukrainaren ez-lerratze militarra eta bere neutraltasuna ziurtatzea Kaosaren Inperiotik eragindako krisi honekin amaitzeko. Hori lortuz gero nazioartean, barneko eztabaidak errazagoak lirateke (…) hori da Henry Kissinger eta ‘inteligentziaren komunitateko’ hainbat agentek aipatzen duten ‘finlandizazioa’, nahiz eta hedabideetara ez duten sarbide handirik”.

Kazetariak esperantza handirik gabeko mezuarekin bukatu du artikulua: “Kategoria eta ikuspegia leuzkakeen lider europar batek halako soluzio bat eragin lezake. Dudarik gabe, gehiegi Merkel, Hollande eta konpainiarentzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
2024-04-28 | Axier Lopez
Propagandarako tresna berria Ukrainan

Ukrainako gerraren benetako izar bihurtu dira droneak, baina ez hainbeste ohiko gudu-zelaian, baizik eta gudari ere badagokion baina oso bestelakoa den eremu batean: gerra-propaganda. Moskuk eta Kievek erabiltzen dituzte tripulaziorik gabeko hegazkinek grabatutako bideoak beren... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude