argia.eus
INPRIMATU
Ukraina eta Txina hibridatzen

Mikel Aramendi 2023ko otsailaren 27a
CIAko zuzendari William Burns, 'Face The Nation' telebista saioan / Argazkia: CBS News

Larunbat arratseko prime time-ko saio ospetsuenetako batean CIAko zuzendaria elkarrizketatzen dutenean, zerbait gertatzen ari da; CIAko zuzendariak ez daude telebistan elkarrizketak emateko. Are gutxiago beren langintzari buruz.

Endemas, astean zehar Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, Estatu-idazkariak eta Defentsa-idazkariak ere gai berberaren inguruan, hau da, Txinak Errusiari Ukrainako gerrarako laguntza militarra eman ahal izateaz, agerraldi bana egin ondoren datorrenean elkarrizketa hori, ondorioztatu beharko da larri samarra dela gertatzen ari dena.

Argibide bila, lauen adierazpenen edukira jotzen duenak, ordea, nahasmena aurkituko du argitasunaren ordez. Lau buru, lau aburu. Batek (Blinken) dio ia ziurki Txinak jada helarazi dizkiola "erabilera bikoitzeko baliabideak" Errusiari; noski, inolako frogantzarik gabe, benetako fededunek ez dutelako halakorik behar. Besteak (Biden) dio ez duela aurreikusten Txinak Errusiari armak helarazterik, baina hala balitz, ondorioak izango lituzkeela; nola ez, tximeleten hegaldiak ere ondorioak dituenean. Hirugarrenak (Austin), aldiz, dio ez dutela halako ezeren aztarnarik, baina izatekotan, ez litzatekeela ideia ona izango; ez dago gaizki, zerikusi zuzenena lukeenaren ahotik entzunda.

Baina, zalantzarik gabe, laugarrenak (Burns) esandakoak ontzen ditu markak: CIAk ba omen daki "Txinako lidergoa hausnartzen ari dela [Errusiari] ekipamendu letalak helaraztea". Hori bai, oraindik ez omen dute erabakirik hartu goi-arduradunek. Fededun-plantak egiten dituztenek "inteligentzia plazaratzea" deitu diote Colin Powellen flaskotxoaren remake honi; eta elkarrizketatzaile leialak, noski, ez dio galdetu ea CIAk berregin ote dituen duela bospasei urte galdu zituenak.

Beijingeko agintarien asmoak ezagutzeko jakinbide serio bakarra haiek jendaurrean hitz-lauz diotena irakurtzea dugunok, susma genezake Txinak Ukrainako gerra geldiarazteko plazaratu duen hamabi puntuko egitasmoaren kontraprogramazioa dela zalaparta estatubatuar horren guztiaren gakoa. Baina, agian, tolesgabeegia izan daiteke ustea. Alde batetik, proposamen txinatarraren egingarritasuna, gaur-gaurkoz, hutsaren hurrengoa delako, beraiek ere badakitenez, nik uste.

Eta, bestetik, Biden administrazioaren mezuek, bere nahasmenean, badutelako erkide zerbait: etxerako, AEBetarako direla guztiz. Beraz, pentsa liteke norbaitek badarabilela Ukrainako gatazka eta Asia Ekialdeko krisia hibridatzeko asmo sendoren bat. Eta soroa ongarritzen ari dela.

Xi Jinpingen burutazioak zelatatzeko gailurik ez, baina han nonbaiteko hedabideak miatzeko begiak behintzat baditugunok, bitartean, irakurtzen dugu 13. HANaren azken bilkurak hainbat aldaketa onetsi dituela "Prozedura Kriminaleko Legean militarrentzako aurreikuspenetan gerra-garaietarako". Kasualitatea dirudi, ezta?