Duela bi aste bezala, mila preso inguru trukatzea adostu dute Ukrainak eta Errusiak, eta batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio. Trukea egiteko, Moskuk hiru eguneko su-etena eskatu du fronteko hainbat eremutan, eta Kievek Putin eta Zelenski aurrez aurre elkartzea mahai gainean jarri du berriro. Asteburuan zehar hainbat eraso egin ditu Ukrainak Errusian, tartean drone bidez hainbat base militarretan zeuden gerra hegazkinen aurka.
Ukrainaren inbasioari ekin eta hiru urtera hasi dira biltzen Kieveko eta Moskuko ordezkariak; bake akordio batera iristeko itxaropen handirik gabe, ordea. Duela bi aste bildu ziren lehen aldiz Istanbulen, eta bi ordu iraun zituzten elkarrizketetan su-eten iraunkor batez mintzatzetik urrun egon ziren bi aldeetako ordezkariak. Bi aste geroago, astelehenean aurrez aurreko bigarren bilera eduki dute, eta emaitza berak izan ditu: mila preso inguru trukatzea adostu dute Kievek eta Moskuk, baita batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak itzultzea ere. Trukea egiteko, Errusiak hiru eguneko menia ezartzea proposatu du, baina Istanbulen izan den Ukrainako Defentsa ministro Rustem Umerovek adierazi du 30 eguneko erabateko su-etena dela "bakerako oinarri bakarra".
Lehen bileran egin bezala, bigarrenean ere Kievek mahai gainean jarri du Vladimir Putin Errusiako presidentea haren Ukrainako homologo Volodimir Zelenskirekin aurrez aurre biltzeko aukera. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea gogotsu agertu da proposamen horrekin, eta azaldu du nahiko lukeela negoziazio horietan parte hartu. Elkarrizketa saioaren ondoren eginiko prentsaurrekoan, Umerovek bilera horretan egon ahalko litzatekeen beste agintari bat aipatu du: Donald Trump AEBetako presidentea. Hain zuzen, Istanbulen izandako lehen bileraren ostean telefono bidez hitz egin zuen Trumpek Putinekin bi orduz, eta biek adierazi zuten "oso ongi" joan zela deia, baita Ukraina eta Errusia su-etena "berehala" negoziatzen hasiko zirela ere.
Bi aldeetako ordezkariek izandako negoziazioen bigarren saioak, ordea, aurkakoa pentsatzera eramaten du. Izan ere, Kievek Moskuri egotzi dio gatazkarako euren konponbidea azaltzeko bide orria berandu entregatu diola, lehen bileran biek hitzartu baitzuten bide orri hori hurrengo bilera egin baino lehen entregatzea elkarri. Tass Errusiako berri agentziak Errusiak garatutako proposamenaren hainbat xehetasun aurreratu ditu: besteak beste, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak dokumentu bat sinatzea, eta bertan hitz ematea ez dela hedatuko gehiago Europako ekialderantz; eta, horrez gain, Errusiak 2022ko otsailaz geroztik okupatu dituen Ukrainako Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeetatik Kievek beren soldaduak erretiratzea.
Inbasioa hasi zenetik, drone bidezko eraso handiena Ukrainak
Negoziazioetan bien arteko tirabirak ugariak izan badira ere, frontean badirudi azken hilabeteetan Errusia ari dela nagusi izaten: Institute for the Study of War AEBetako think tank-ak argitaratutako datuen arabera, maiatzean Errusiako soldaduek Ukrainako 507 kilometro koadro hartu zituzten. Apirilean, berriz, 379 hartu zituzten; eta martxoan, 240. Halere, Ukrainak ez du amore eman; are gehiago, asteburuan hainbat aldiz eraso egin dio Errusiari haren lurretan. Batetik, larunbat gauean Briansk eskualdeko zubi bat lehertu ostean, 388 bidaiari zeramatzan tren batek istripua izan zuen. Ondorioz, zazpi lagun hil eta dozenaka zauritu ziren.
Bestetik, 2022ko otsailean inbasioa hasi zenetik izan den drone bidezko erasorik handiena egin zuen igandean Ukrainak Errusian. Ekintzaren garrantziaren adierazle, BBC Erresuma Batuko hedabidearen arabera, Ukrainako zerbitzu sekretuek urte eta erdi inguru jardun dute eraso hori antolatzen. Orotara, Errusiako bost eskualdetan –horietatik bi Murmansk eta Irkutsk, Kievetik 6.000 kilometro ingurura daudenak– dauden hainbat base militarri eraso egin zien 120 drone ingururekin. Kieveko zerbitzu sekretuen arabera, berrogei hegazkin militar suntsitu edota kolpatu zituzten, eta 1.750 milioi euro inguruko kalteak eragin Errusiari.
BBCk jakinarazi duenez, esanguratsua izan zen Ukrainak gerra hegazkin errusiarrei eraso egiteko baliatutako prozedura: hainbat kamioietan ezkutatuta garraiatu zituzten droneak, eta aurretik aipatutako base militarretara gerturatu ostean, kamioien sabaia ireki eta helburuen aurka talka egiten hasi ziren. Erasoaren berri izan ostean, Zelenskik zoriondu egin zuen Ukrainako zerbitzu sekretuetako buru Vasyl Maliuk, Telegram bidez: "Erasoak emaitza izugarriak izan ditu, eta Ukrainak inoren laguntzarik gabe lortu dituen emaitzak izan dira".