Oraingoz lau lagun kutsatu dira birus horrekin: Juan Ignazio Pérez Iglesias EHUko errektorea, Adelaida Umaran EHUko Mikrobiologia doktorea, Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Gorka Landaburu kazetaria. Lau kutsatutakoek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako Kutsatu! Ekin, ukan, ekin kanpaina aurkeztu berri dute. Kanpainaren asmoa euskaraz ez dakitenak eta jakin arren erabiltzen ez dutenak “bizikidetzaren birusaz” kutsatzea da. Kanpaina aurkezterakoan esan zutenez, birus horrek kutsatu ezin duen giza talde bakarra aurkitu dute: munduko hizkuntzak gutxiagotzea mesedegarri dela uste dutenek eta hizkuntzen balioa hiztunen kopuru soilaren baitan dagoela iritzi diotenek osatutakoa. Kanpaina 600.000 euro kostako da eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean amaituko da.