argia.eus
INPRIMATU
Uholdeen kalteak konpontzeko 10 milioiko laguntza bideratu nahi du Kontseilu Nagusiak
  • Uholdeek eragindako kalteek Ipar Euskal Herrian 10 milioiko kostua izango dutela iragarri du Georges Labazée Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteak. Ostiralean bozkatuko da diru laguntza hori eman ala ez erabakitzeko.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 08a
Dirua azpiegiturak konpondu eta norbanako, enpresari eta laborariak laguntzeko erabili nahi da (Arg.:kazeta.eus)

Dirua departamentuko ondare eta azpiegiturak konpondu eta uholdeak etxeraino sartu zitzaizkien norbanakoei laguntzeko baliatu nahi dela azaldu du Kontseilu Nagusiak, baita kalteak jasan dituzten enpresa eta laborantzako langileei laguntza emateko ere.

Joan den asteko uholdeek eragin dituzten egoerak aztertzeko aztertzeko, Kontseilu Nagusia Baiona Euskal Herri Komertzio eta Industria Ganbararekin eta Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberarekin elkarlanean arituko da. Bide eta ondarearen konponketa bermatzeko herri erakundeak ere prest agertu dira.

Prefetak kalteak konpontzeko hiru bide daudela dio

Pierre-Andre Durand prefetak horrelako egoeretan Estatuko laguntza dakarten hiru bide daudela azaldu du: asteazkenean Frantziako Ministro Kontseiluan bozkatuko den hondamendi natural ezagupen lasterra, Laborantza zorigaitza eta herri erakundeak laguntzeko elkartasun kutxa.

Hondamendi-eremuaren izendapena onartuko balitz, dirua bizkor jasotzea espero dela adierazi du prefetak; eta nahiz eta beste bideak astiroago joan, hauek ere laguntza ekarriko dutela.

ELB sindikatuak bigarren aukeraren alde ere egin dezala eskatu dio prefetari, jasandako hondamendiarekin zerikusia duten prozedura guztiak martxan jar ditzan. Gainera, beste sindikatuei dei egin die desberdintasunen gainetik laborarien onerako elkarlanean aritzera.

Bestalde, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbarak kalteak jasan dituzten laborariei jaso ditzaketen laguntzen inguruan informatzeko ondorengo telefono zenbakia du abian: 0800 62 00 69.