Joan den asteko uholdeen ostean, Nafarroako Gobernuak 4 milioitik gorako kalteak zenbatu ditu Baztaneko eta Luzaideko inguruetan. Azpiegitura-kalteak konpontzeko 1,6 milioi beharko dira eta Tokiko Inbertsio Planaren bidez egingo dira konponketa-lanak.
Asteazkenean Elizondon uholdeek utzitako kalteak bisitatzen izan ziren Jose Javier Esparza Nafarroako Garapen eta Toki Administrazio kontseilaria, Javier Morras Justizia kontseilaria, Luis Aguilera Espainiako Barne Ministerioko idazkariordea eta Carmen Alba Espainiako gobernuaren ordezkaria.
Aguilerak adierazi zuen, duela urte batzuk Madrilek legea aldatu zuenetik, hondamendi-eremu izendatzea ez dela posible eta horren ordez, diru-laguntzak banatzen direla egun. Hauek eskatzeko formularioak udalen eskuetan aurki utziko dituztela adierazi zuen, eta herritarrek hilabeteko epea izango dutela eskariak egiteko.
Esparzak, bere aldetik, azaldu zuen Nafarroako Gobernuak aparteko diru-laguntzak emateko eskaera egingo diola Espainiako Gobernuari hilaren 16an.
1,6 milioi azpiegitura-kalteak konpontzeko
Azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko 1,6 milioi beharko dira Nafarroako Gobernuaren arabera. Baztanen, kaltetutako 13 zubi eta errepideak egokitzeak ia milioi bat inguruko kostua eragingo du. Horrekin batera, hornikuntza-sarea eta saneamendu-sarea konpontzeko erabiliko da dirua.
Luzaiden, aldiz, 500.000 euroko kalte-ordainak aurreikusi dituzte euriteek puskatutako harri-lubetak eta bideak konpontzeko.