UEU atxikitako zentro gisa onartu du EHUk eta horri esker Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra online eta euskaraz eman ahalko du Udako Euskal Unibertsitateak.
Eskari handia duen masterra da, urtero EHUn 700 eta 900 lagunen artean dabil ikasketa horiek egin nahi lituzkeen jendearen kopurua. EAEko unibertsitate publikoak, ordea, 240 postu besterik ez ditu eskaintzen. Ikasle asko kanpoan geratzen dira eta beste unibertsitateetara jo behar izaten dute, gehienetan erdaraz ikastera.
Berria-k argitaratu duenez, 120 postu berri izango dira aurrerantzean euskaraz online ikasi ahal izateko, UEUren masterra EHUren eskaintzaren barruan sartu ondoren. Hiru espezialitatetako masterra eskainiko da formatu horretan: hizkuntza eta literatura, humanitateak eta gizarte zientziak, eta natur zientziak eta matematika.
EHUren gobernu-kontseiluak adostasun handiz onartu du UEUren online irakaskuntzarako institutua zentro atxiki gisa hartzeko: 31 boto alde, 6 aurka.
UEUk online irakaskuntzan gehiago sakondu nahi du eta proposamena ere egina du horretarako, masterrez gain graduko ikasketak ere bilduz. EHUk ez du horretarako aterik ireki momentuz ordea.