Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 125 alkatek eta zinegotziek 2025-2029ko plan estrategikoa adostu dute.Arestian aipatutako bost udalerri horiekin, 118 udal izatera ailegatu da UEMA, eta guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Martin Aramendi UEMAko presidenteak zera nabarmendu du: "Hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea. Beraz, hurrengo lau urteotarako plan estrategikoarekin batera, lanerako ardatz berriak ere onartu ditugu".
Batzarrean hainbat proiekturen berri ere eman zuten, haien artean, Siadeco ikerketa taldeak egindako proiekzio demolinguistikoa: Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 ikerketak aldaketa demografikoek eta joera soziolinguistikoek bere horretan jarraituz gero euskararen 2036ko egoera nolakoa izango den ikertu du. Emaitzak aurrerago argitaratuko ditu UEMAk.
Ohiko ildo estrategikoak berretsi eta gero, lanerako ardatz berriak zehaztu dituzte batzarkideek. Kide berriak udalerri euskaldunak izan arren, "euskararen biziberritzearen inguruko kezkak eta erabileran eragiteko zailtasunak aipatu dituzte".