argia.eus
INPRIMATU
UEMAn segituko du Tolosak, urtebetez bederen
  • UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean jarraitzea deliberatu du EAJk gobernatzen duen Tolosako Udalak. Erabakia kolokan izan da azken hilabeteetan, udal gobernua Tolosa mankomunitateko kide izatearekin kritiko agertu baita. EAJren aburuz Tolosak ez du UEMAn egoteko beharrik, jada nahikoa euskara zerbitzu dituelakoan. Horrela, duela bi aste udalak bertatik irteteko intentzioa adierazi zuen. Azkenean, baina, atzera egin eta gutxienez urtebetez taldean jarraitzea erabaki du.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko abenduaren 17a
Urrian lehendakari eta Zuzendaritza batzorde berria hautatu zituen UEMAk. UEMA

Iragan legegintzaldian EH Bildu zegoen udal gobernuan, eta orduan egin zen Tolosa UEMAko kide. EAJk erabakiarekiko desadostasuna erakutsi zuen, esanez Tolosak ez zuela mankomunitatean zertan egon. Behin agintera iritsita, jarrera ez dute aldatu: duela hilabete batzuk Olatz Peon alkatea kritiko agertu zen herria UEMA barruan egotearekin, mankomunitatearen zuzendaritza eta lehendakari berria hautatzeko bilkurara ez zuten inor bidali, eta duela bi aste Jokin Azkue zinegotziak bertatik irteteko proposamena egin zuen euskara batzordean.

Haatik, denbora gutxian jarreraz aldatu dute jeltzaleek; beste urtebetez mankomunitatean izatea onartu dute –denbora horretan elkarlana luzatzeko aukerak baloratuko dituzte–. Berriak argitaratu duenez, berriki hainbat mugimendu izan dira, postura aldaketa horren atzean leudekeenak. Esaterako, Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak UEMAren lana goraipatu, eta diputazioaren jardunarekin bat egiten duela adierazi du.

Bestalde, Berriaren arabera kontuan hartu behar da UEMAren zuzendaritzan Zarauzko Udala dagoela. EAJren udal gobernu horren barruan aldundiko bozeramaile Imanol Ansa dago. Halaber, Tolosako mugimendu euskaltzaleek jokaturiko paperak eta Tolosa taldeko herri nagusietako bat izateak ere zeresana izan ei dute.

Lekeition oraindik ez dute erabakirik hartu

Lekeitioko udal gobernuak UEMA uztearen aldeko jarrera erakutsi du, baina oraindik ez du behin betiko erabakirik hartu. EAJ eta EH Bildu gobernu akordioa lortzeko negoziaketetan aritu dira, eta koalizioak baldintzetako bat bezala mankomunitatean jarraitzea jarri du. Haatik, berriki negoziazioak apurtu egin dira. Egoera horretan, oraindik ez dago garbi udalak zer erabakiko duen.

Lesaka: UEMAtik kanpo, eta euskara plana bertan behera

Iragan hilabetean Lesakak UEMAko kide izateari utzi zion. Geroa Bairen udal gobernua oso kritiko agertu zen taldearen jardunarekin, eta berau uztea deliberatu zuen. Horrez gain, euskara plana ere bertan behera utzi zuen –UEMAren laguntzarekin landu zen joan zen legegintzaldian–.