argia.eus
INPRIMATU
UEMAn beste bost udalerri: Zarautz, Lekeitio, Tolosa, Lesaka eta Munitibar
  • UEMA elkartean bilduta dauden herritarren kopuruak nabarmen egingo du gora, datorren larunbatean beste bost udalerri batuko baitira udalerri euskaldunen mankomunitatera: hala, 69 udalerrik osatuko dute UEMA eta 216.000 biztanlek jasoko dituzte bere zerbitzuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko martxoaren 13a
UEMAko eta bertan sartuko diren udalerrietako ordezkariak atzo Zarautzen (Arg: Aldaba)

Zarauzko udalean egindako agerraldian, larunbatean izango den batzarraren inguruko zehazpenak eman zituzten UEMAn sartuko diren Zarautz, Lekeitio, Tolosa, Lesaka eta Munitibarko udalerrietako ordezkariek. Hasiera batean herri txikiek osatzen zuten mankomunitatea, baina gaur egun herritar asko bizi diren udalerriak ere batu dira proiektura.

Zarautzen, esaterako, 22.700 lagun bizi dira eta %74a da euskalduna. Iazko azaroan onartu zuen Zarauzko udalak UEMAn sartzea, Bildu, EAJ eta Aralarko zinegotzien babesarekin. Ezker Anitza eta PSE-EEko zinegotziek kontra bozkatu zuten. Hain zuzen, sozialisten bozeramaile Patxi Elolak kritika gogorra egin dio UEMAn sartzeko erabakiari. Diario Vasco egunkarian argitaraturiko oharrean dio 22.583 euro kostako zaiela zarauztarrei –herritar bakoitzeko euro bat– eta “beharrezkoa ez den gastua” dela. Elolak “elebakartasuna inposatzen duen elkarte” gisa deskribatu du UEMA.

Gari Berasaluze Zarauzko Euskara zinegotziak Berriari adierazi dio euskaldunen “eskubideak defendatzeko” aukera ematen duela UEMAk: “Zarautz bezalako herri handi batean zerbait garrantzitsua eskaintzen du UEMAk: legezko babesa. Erabakiak hartzerakoan, askotan legeak ditugu aurrez aurre. Eta denon artean, bat eginda, ea erabaki sendoei bidea emateko aukera daukagun”.

Zarauzko udalean, herritarren komunikazioan euskara lehenesteko irizpideak jasotzen dituen agiria onartu zuten joan den otsailean. Udalbatzarraren ia erabateko babesa jaso zuen dokumentuak; PPko zinegotzia abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek alde bozkatu zuten.