UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez, elkarretaratzeko deia egin dute larunbaterako, UEMA osatzen duten 118 udaletako udaletxeen aurrean. Udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei ere dei egin diete, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera ateratzera.
Prentsaurreko gogorra eskaini dute UEMAko kideek ostegun eguerdian, salatzeko eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota dituela Espainiako Auzitegi Gorenak. Euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian. "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere". UEMAko kide diren 118 udalei dei egin diete epai hori salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera ateratzera, "Euskararekin bat" lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez larunbat eguerdian. Deialdiarekin bat egitera deitu dituzte euskalgintzako eragile eta herritarrak ere.
"Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua", kokatu dute gaia.
Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dutela adierazi dute. "Gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunitatea. Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea".
Adierazi dutenez, udalerri euskaldunentzat mugarria izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Azken epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela “neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”, epaiaren hitzak erabiliz.
Epaia larritzat jo dute. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere jo dute, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duela uste dute, "ondoan gazteleraren makulua ez duenean". "EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita". Neurriak bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela esan dute.
UEMAko zuzendaritzako kideek salatu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zenetik aritu dela Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz. "Ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak".
"Horregatik, UEMA osatzen dugun 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula gogoratu nahi dugu, eta euskaraz jarraituko dugula adierazi. Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero", jakinarazi dute.