argia.eus
INPRIMATU
UEFA-k 200 dantzari boluntario fitxatu nahi ditu, Txapeldunen Ligako finalean doan aritzeko
  • UEFAren menpe dagoen Volunteer Manager baten bitartez ari da ikuskizun hori koordinatzen Espainiako Futbol Federazioa. 200 “boluntarioren” bila ari da, bi astez entsaiatzen aritzeko prest izango direnak, El Diario egunkariak jakinarazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko maiatzaren 06a

Sold Out enpresak publikatu du lan-eskaintza, Espainiako Gobernuaren Danza.es webgunean (maiatzaren 2an iraungitu zen). ConARTE sindikatuak aipatu enpresa salatu du Lan Ikuskaritzan, deialdiak eraso egiten dielako arte eszenikoetako langileen duintasun eta eskubideei.

Ekainaren 1ean jokatuko da Txapeldunen Ligako finala Madrilen; partida hasi aurretik, dantza protagonista izango duen ikuskizuna eskainiko dute 200 lagunek. Doan lan egingo dute UEFArentzat, Txapeldunen Liga, Europa Liga eta Superkopa antolatzearen truke 3.250 milioi euro gordin irabaziko dituen erakundearentzat. “Txapeldunen Ligako finalaren parte izatea bizitzan behin izango duten esperientzia izango da ziurrenik eurentzat”, adierazi du UEFAk.

Hain justu, gauza bera nabarmendu dute Gasteizko Final Four saskibaloi finalaren antolatzaileek, 170 boluntarioren fitxaketa justifikatzeko.