argia.eus
INPRIMATU
Sail Ofizialetik harago
Udazkeneko kimuak
  • Zinemaldiko bigarren eguna, larunbata. Kaleek betetzen jarraitzen dute, eta uda giroa antzezten du asteburuak. Sail ezberdinetan elkarrekin lehian dabiltzan filmen ondoan, bada elkarren artean lehiatuko ez diren filmen sorta bat: Kimuakeko filmak dira, Zinemira sailaren baitan ikusi ditugun 7 euskal laburmetraiak. Ekainean hautatuak izan ziren eta Principe zineman izan dira gaur ikusgai prentsa eta gonbidatuentzat. Aukeratuen artean behin izanik, elkarrekin aurkeztu dira gaur, eta bere bidea hartuko du film bakoitzak hemendik aurrera.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2019ko irailaren 22a

Horien artean Artiko izan da proiektatzen lehena, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanok zuzendua. 16 minutuko filmak Ipar poloan hartutako irudiak biltzen ditu, Xabi Payaren hitzekin harremanean jarrita. Argumentuk hala agertzen du marrazkilari bat espedizioan, paisaiaren handitasunaren eta honen errepresentazioaren artean kolokan. Honen gainean sortzen dira errealitatearen eta kartografiaren inguruko hausnarketak, bata eta bestea non harremantzen diren ulertu nahian. Irudimenak ez du ingurua gainditzerik diote Payaren hitzek, eta hori onartuta hartzen du marrazkilariak aurrean duena jasotzeko erabakia. Ez al da hori, azkenean, mapa bat? Errealarekin lotura duen marrazki bat. Baina gakoa egon daiteke, etengabe mugitzen den paisaia duzunean aurrean, marrazten hasi orduko eraldatu egin dena. Txoriak eta puskatzen doazen glaziarrak ez dira ausazkoak, mapa mutante horren parte dira. Espedizioaren amaieran, mapa(k) tolestu eta etxera itzultzen da marrazkilaria. Agian ez da berdina, edo ez da toki berera iristen, edo ez du atzean utziko aurkitu zuena. Kavafisen Ítaca zai du Ipar poloko artistak.

Mateoren ama izan da aurtengo katalogoa bete duenetako beste bat, Moriarti ekoiztetxearen eskutik. Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzentzen dute lan honetan Iban Zalduaren ipuinean oinarritutako filma. Angel Marik denboraldi baten ondoren egin dio amari zahar-etxera bisita eta haien arteko ez-ulertzea nabarikoa da. Semeak amak gogoratzen ez dituen oporrak aipatu nahi ditu, eta amak etxean nonbait semeak izan behar dituen komikietan besterik ez du pentsatzen. Halako batean, hirugarren pertsonai batek oreka irauliko du, Angel Marik gogoratzen duen ama gorpuzten duen beste emakume bat, hain zuzen ere. Ehiztari ehizatu moduko istorio honek zalantzan jartzen ditu pertsona adinduen gainean ditugun aurreiritziak, familia eredu eta hauen arteko kodeen fosilizazioa, baita ikuslegoaren zentzutasunak. Umore gozoz girotutako laburrak mugimendu finez eramaten gaitu gauzak uste duguna bezalakoak ez diren sinesmenen eremura.

Zazpi lanetan azkena proiektatu da Izibene Oñederraren Lursaguak filma. Zabaltegi-Tabakalera sailean ere ageri den animazio laburra zuzendariaren azken 3 urteko prozesuaren emaitza da. Gertu dituen biografien orrialdetan aurkitutako eguneroko eszenak sortu ditu Oñederrak, animazioak eskaintzen duen errepresentazio plano askean. Familiako pertsonak dituzte marrazkiek oinarri, eta bertan emakumeen bizipenak sakontzen dira. Animazioak oroitzapenak ditu objetugai, baina baita materialki gertatu ez direnen irudikapenak. Badirudi gizonen mundu horretatik ihes egiteko modua eskaintzen dutela marrazkiek, eta horien bidez eraiki daitekeela esistitzen ez den emakumezkoen mundua. Hélène Cixous feministaren saguen kontzeptua garatzen da lanean, non emakumeak generoari dagokion sistema kulturala apurtzeko gai diren espezie arraro gisa uler daitezkeen. Gipuzkoarraren lanak animazioaren izaerari buruz ere mintzo zaigu, eta desiren eta psikearen planoan gertatzen diren horiek errepresentatzeko herramintak eskaintzen dizkigu. Emakume ezberdinen arteko metamorfosi etengabekoak gidatzen du Oñederraren lana, eta honekin ixten du Kimuakek bere 2019ko aukeraketa. Batek daki zenbat metamorfosi gehiago izango duten zazpi laburrek hemendik aurrera bakarka egingo duten ibilbidean.