argia.eus
INPRIMATU
Udaltzain eredu “hurbila” bultzatzeko, lan eskaintza bateratua egingo dute Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak
  • "Konfiantza eta gertutasuna" oinarri izango duen Udaltzaingo eredua nahi dute Zumaia, Getaria eta Azpeitiko udalek. Horretarako, udalerri horiek ondo ezagutuko dituzten bost udaltzain kontratatuko dituzte elkarrekin eta hautagaiei B2 euskara maila ere eskatuko diete.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko otsailaren 20a
Haritz Alberdi Getariako alkatea, IƱigo Ostolaza Zumaiakoa, eta Nagore Alkorta Azpeitikoa, Zumaiko Udaltzaingoaren egoitzan egindako agerraldian. Zumaiako Udala

Beste udaltzaingo eredu baterantz urratsa eman nahi dute Zumaia, Getaria eta Azpeitiko udalek, "hurbila eta komunitarioa", lehenago Lea-Artibain Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeitioko udalek egin bezala. Horretarako lan eskaintza publiko bateratua egingo dutela iragarri dute. Asteartean eman dituzte deialdiari buruzko xehetasunak Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, Getariako alkate Haritz Alberdi eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak.

Oraingoz bost udaltzain postu betetzeko deialdia egingo dute, baina horrez gain, lan-poltsa bat ere sortuko dute, prozesuan zehar kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusi baitute.

Herriaren ezagutza duten udaltzainak hautatuko dituzte, "herritarren beharrak ulertzeko eta horiei erantzuteko gai izango direnak"

Azaldu dutenez, "gertutasuna eta komunitatearekiko inplikazioa" izango dira lanpostu horien ezaugarriak. Herriaren ezagutza duten udaltzainak hautatuko dituzte, "herritarren beharrak ulertzeko eta horiei erantzuteko gai izango direnak", azaldu du Alkortak.

Hori horrela, euskararen erabilera funtsezkoa izango da, eta hautagaiei B2 euskara maila izatea eskatuko zaie: "Euskaraz komunikatzeko gaitasuna ezinbestekoa da, baita herriaren ezaugarriak eta kultura ezagutzea ere, herritarren eguneroko bizitzan parte hartzeko eta gatazkak kudeatzeko tresna gisa", esan du Getariako alkate Alberdik agerraldian.

Arkautiko akademiakoek uko

Orain arte Arkautiko polizia akademiatik iritsitako udaltzainak kontratatu izan dira udalerri horietan, baina askotan ez dute herriarekiko ezagutza nahikorik eta "esperientziak erakutsi digu berehala uko egiten diotela lanpostuari, beste herri edo hiriburuetara joateko", azaldu dute hiru udal agintariek.

Hori saiheste aldera ere abiatu dute ekimen bateratua, plantilletan egonkortasuna bilatzeko. Hala, "herrian lan egin nahi duten udaltzainak" bilatu nahi dituztela argitu dute.