Udaletan ere, hordago handira

  • Bilduk udal hauteskundeetan sortutako olatuaren tamainaz jabetzeko nahikoa da Gipuzkoako mapa ia monokromoa ikustea. Bilduren gorakadaren ondorioz, EAJk herri askotan hegemonia galdu du, paradoxikoki honek ere bototan gora egin duen arren. PSOE krisiak zigortu du, Ezkerraldeko herri garrantzitsu batzuk galtzeraino. Nafarroan, PPk UPNri egindako koskada oso arina izan da. Eta herritar gehienek txikira paso egin dute partida honetan.


2011ko maiatzaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-04 14:21:26
EAJko kideak hauteskunde emaitzak ospatzen (Arg: Argazki Press / Jon Hernaez)

Gipuzkoako emaitza ikusgarriak dira udal hauteskunde hauetako ikurretako bat. Posta bidezko botoen zenbaketak eragin ditzakeen aldaketak gorabehera, Bilduk 43 gehiengo oso lortu ditu Gipuzkoako udaletan (Arrasate, Hernani, Bergara, Azpeitia...) eta beste 13tan alkatetza lor lezake (Tolosa, Zarautz, Errenteria...), paktuen arabera. Koalizio berriak 441 zinegotzi eskuratu ditu Gipuzkoan, EAJren 187 zinegotzietatik oso goiti. Bizkaiko kostaldean ere Bildu nagusi da (Bermeo, Lekeitio, Gernika, Ondarroa...) eta herrialde horretan zinegotzi kopuruari dagokionez jeltzaleen kopurura hurbiltzen da lehen aldiz (524 EAJk eta 407 Bilduk). Araban, Laudion eta Agurainen irabazi du, besteak beste. Nafarroan NaBai-ren aurretik jarri da Sakanan, Bortzirietan, Baztanen... Auztegi Konstituzionalak Bildu legeztatzea onartu zuenean, bistakoa zen Hego Euskal Herriko udaletako eserlekuen berregituratzea gertatuko zela, baina inork ez zuen pronostikatu boto kopuruz hain gorakada itzela izango zuenik, “3” zenbakira iristeraino –Euskal Herritarrok-en garaia gaindituz–.

Bilduren emaitzak ulertzeko faktoreen artean aurki liteke ilegalizazio epe luze baten ondoren egon den eztanda. Esaterako, Lazkaon (5.000 bizt.) 12 urteren ondoren ezker abertzaleko ordezkaritza bati bozkatu ahal izan diote herritarrek, eta EAJren hiru hamarkadatako agintaldiarekin amaitu du Bilduk, gehiengo absolutuz gainera. Odoltsuagoa izan da Ondarroako (9.000 bizt.) kasua, 2007an ANVren boto baliogabeak gehiengo absolutu izan ziren eta azkenean EAJk gidatutako gestora baten esku geratu zen udala. Egoera horretan, ezker abertzaleak udalaren legitimitatea auzitan jarri du behin eta berriz. M-22an Bilduk botoen %60a bereganatu du Ondarroan, 13 zinegotzietatik 9, zalantza barik aurreko lau urteetan gertatutakoak izan du zerikusirik emaitza horiekin.

EAJren kasua paradoxikoa da. 2007arekin alderatuta, boto kopuruan gora egin du, baina udaletako alkatetzetan eta eserlekuetan behera, batez ere Bizkaian (634 zinegotzitik 524ra). “Bildu efektuaren” beste ondorio bat. Lehen zituenez gain irabaztea lortu duen udalerri bakarretakoak PSEren bizkar irabazi ditu: Sestao eta Basauri.

Krisiaren faktura PSEri

Espainiako Estatuan gertatu den moduan, PSE-PSN gogor zigortu dute hautesleek, krisi ekonomikoa dela-eta. Nafarroan PSNk ez du udal ordezkaritza hainbeste jaitsi, aldiz Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian nabarmena izan da beherakada –soilik 6 udaletan dira gehiengo–. PSE-EEren kolorea ez da sekula nabarmendu udalen mapan, baina irabazi ohi duen udalerrietan biztanleriak pisu handia du. 2007an, 25.000 biztanletik gorako 11 udalerritatik 7tan irabazi zuten sozialistek, eta EAEko udaletako aurrekontu likidazio osoaren %21 kudeatu ahal izan zuten udalerri horiekin. 2011n PSE-EEk Errenteria, Sestao eta Basauri galdu ditu –paktuek eragozten ez badute– eta udal boterea nabarmen gutxitu du.

Krisiak gogor kolpatu ditu Ezkerraldeko udalerriak –gehienetan %17tik gorako langabezia tasa dute– eta horrek izan du eraginik sozialisten emaitzetan. Esaterako, herritarren %21a lanik gabe dagoen Sestaon (29.000 bizt.), PSE-EEk bi zinegotzi eta 1.300 boto galdu ditu. Dena den, harrigarria da Portugaleteren (48.000 bizt.) kasua, bertan EAJk 1.600 boto egin du behera eta PSE-EEk eutsi egin dio bere hauteslegoari; jeltzaleek aztertu behar lukete zer gertatu zaien Patxi Lópezen jaioterrian.

Txikira paso

Batzar Nagusietako hemizikloetan gertatu den polarizazioa udaletan ere islatu da, eta ondorioz zenbait alderdik ordezkaritza galdu du udal askotan. Aralarrek eta Ezker Batuak okerrera nabaritu dute bakarka aurkeztu izana. 2007an 145 zinegotzi lortu zituzten koalizioan eta 2011n Aralarrek 38 eta EBk 13. Gainera, bi alderdiok ordezkaritzarik gabe geratu dira Araban. Aralar Elgetan nagusitu da boto bakar batengatik eta Zallan (8.000 bizt.) sorpresa eman du gehiengo osoa lortuta. Nafarroako EBren eta Batzarreren Ezkerra koalizioak, aldiz, zertxobait arindu du bi alderdion beherakada, eta Tuteran lortutako 4 eserlekuek erakusten dute Erriberan segitzen dutela boto fidelak izaten.

Banaketetatik sortutako alderdi zenbaiten patua ere gaitza izan da. PPk apenas egin dion igurtzirik UPNri Nafarroan –48 zinegotzi 322ren aldean– eta gauza bera esan liteke Gipuzkoan EAren banaketa den Hamaikabat-ekin. Galdosen alderdiak lehendik zituen alkatetza guztiak galdu ditu eta ziento erdi zinegotzitik 12 zinegotzi edukitzera pasa da.

Atez ateko zabor bilketari erreferenduma

Hamaikabat-ek lortu dituen 12 zinegotzietatik ia erdia atez ateko zabor bilketa ezarri den herrietan bereganatu ditu. Udalerri horietan atez atekoaren kasik erreferedum gisara aurkeztu dituzte zenbait alderdik hauteskunde hauek. Dena den, adierazgarria da Hernanin, Usurbilen, Oiartzunen eta baita Antzuolan ere atez atekoaren aldekoak atera direla garaile, kasu batzuetan gorakada nabarmenarekin. Hain zuzen, Gipuzkoan Bilduk izan dituen emaitza bikainek kolokan jar dezakete Zubietako erraustegia, udalerri gehiagotan atez ateko sistema jartzeko planek aurrera jarraituko luketeelako, eta mankomunitateetan eta hondakinen partzuergoan indar korrelazioak irauli daitezkeelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzuola
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


2024-02-08 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak milaka alegazio aurkeztu ditu eta aerosorgailuen tamaina irudikatuko du herrian

Meaka-Irimo herri plataformak 3.022 alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria sailean, "Trekutz" izeneko proiektuaren aurka. Zera adierazi du: "Meaka-Irimo herri plataforman energia berriztagarriak behar-beharrezkoak direla argi dugu, baina ezin dira... [+]


Eskuz idatzita

Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi, bere nekearen eta ezinen berri eman. Eta nor naiz ni gorputzari kontra egiteko, berak ere sufritzen... [+]


2023-11-06 | Estitxu Eizagirre
"Hausnarrean" liburuaren aurkezpenak Antzuolan, Urruñan eta hamar herritan

Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin... [+]


Eguneraketa berriak daude