argia.eus
INPRIMATU
Udalerriko hainbat auzotako kutsadura handia salatu du Erandioko Auzokideok elkarteak
  • Erandioko Auzokideok taldeak adierazi du gehiegizko kutsadura dagoela Asua, Faoeta, Erandiogoikoa eta Arriaga auzoetan, eta jakinarazi du atzo goizean zorabioak eta ondoeza sentitu zituztela ingurumen-segimendua egiten duten elkarteko kideetako batzuek, Asuako aparkaleku bitan airearen kalitatea neurtzen zebiltzala.

Unai Brea @unaibrea2 Hiruka .eus 2020ko urriaren 15
Erandiogoikoa da kutsaduraren eragina jasaten duen auzoetako bat, auzokideen elkarteak salatu duenez (Argazkia: CC-BY-SA Javier Mediavilla)

Asua auzoko saltoki handi biren aparkalekuetara joan ziren Erandio Bizirik taldeko zenbait kide (hori da Erandioko Auzokideen barruan ingurumenaz arduratzen den azpitaldearen izena), aireko partikulen neurketa egiteko asmoz. Partikula horien kontzentrazioa oso altua zela eta zorabioak, arnasbideetako narritadura eta ondoeza izan zutela adierazi dute. SOS Deiakek eskaini zien laguntza ez zuten behar izan, handik alde egin eta etxera joan baitziren.

Erandioko Auzokideak Elkartearen esanetan, enpresa jakin bat da partikula-kontzentrazio handien erantzulea: Befesa. "Gertakaria izan zen momentuan, PM 10 eta PM 2,5 partikulen kontzentrazioa legeak baimentzen duenaren 15-20 halako zen", esan dute; "hamar egunez egin ditugu neurketak, eta esan dezakegu Befesak kutsatzaileak isurtzen dituela, kontrolik gabe, bere instalazioetako batzuetatik".  

"Erakundeei eta alderdi politikoei mezu bat bidali gura diegu, sei urtean hainbat salaketa jaso ostean zerbait egiteko garaia heldu dela aldarrikatzeko", gaineratu du auzokide-elkarteak, eta Erandioko Udalaren Bozeramaile Batzordeak gaiaren gaineko batzarra egin dezala eskatu du. Arartekora eta Ingurumen Fiskaltzara joko duela ere iragarri du.