argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako udalerri tentsionatuetako 20 familiak neurriak eskatu dituzte
  • Kaleratzeak STOP plataformak ohartarazi du Donostia, Errenteria eta Irun udalerri tentsionatuetan hogei familiak etxe galera arriskuan jarraitzen dutela, eta Etxebizitza Legeak baimentzen duen hiru urteko kontratu luzapena berehala ezartzea eskatu du.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko azaroaren 19a
Etxegabetzeak STOP plataformak 2024ko azaroan Donostian egindako agerraldi bat6 @STOPdonostia


Etxebizitzari buruzko nazioarteko topaketa egingo dute asteazkenean Tabakaleran, eta bezperan, Kaleratzeak STOP plataformak adierazpenak egin ditu. Eskatu du Gipuzkoako hiru udalerri tentsionatuetako (Donostia, Errenteria eta Irun) hogei familiaren amaitutako etxebizitza kontratuak hiru urtez automatikoki luzatzea, Madrilen onartu den Etxebizitza Legeak baimentzen duen bezela. Legeak ezartzen du hasierako epera edo kontratuaren edozein luzapenetara iritsitakoan, alderdietako batek ere abisurik ematen ez badu, kontratua gehienez beste 3 urtez berritu daitekeela.

Adierazpenetan Gipuzkoako udalerri tentsionatuetan bizi den egoera salatu eta etxebizitzaren aurkako espekulazioa amaitzeko aldarrikatu dute. Jakinarazi dute aipatutako hogei familiek, unean-unean, “oso handia den errenta” ordaintzen dutela, alegia, diru sarreren %50 bainio gehiago. Etxebizitza Legeak jasotzen duen hiru urteko luzapenak familia horiei “egonkortasuna” emango diela adierazi dute.

Kaleratzeak STOP plataformak adierazi du ez duela ulertzen etxebizitza jabeen –handien zein txikien– jarrera, “ez bada alokairuak ahalik eta errentagarrien bihurtzeko helburua dutelako”. Gaineratu dute, legeak ahalbidetzen duen hiru urteko luzapen automatiko horren alde ez dutela egin kasu bakar batean ere. Are, salatu dute “etxea uzteko eta giltzak entregatzeko data” komunikatu dietela soilik alokatzaileei.

"aldi baterako kontratu gehienak iruzurrezkoak dira"

Gogoratu dute “tentsionatu” gisa jotako udalerrietan egiten dituzten kontratu berriak aurreko kontratuaren errenta errespetatu behar dutela, ezin dela prezioa igo. Horrez gain, salatu dute etxebizitza jabeek nahiago dutela alokairua etxebizitza turistiko, aldi baterako, edo gela kontratu gisa eskaini, HEL Hiri Errentamenduen Legeak eta Etxebizitzaren Legeak arautzen ez dituztenak. Ondorioz, higiezinen atarietan eskaintzen diren aldi baterako kontratu gehienak "iruzurrezkoak" direla aipatu dute.

Amaitzeko, etxebizitza legearen onurak aipatu dituzte, hala nola, jabe handiei alokairuak mugatzea eta txikiei errentak izoztea. Hala ere, adierazi dute tentsioan dauden udalerrietako alokairuaren merkatuan “etxejabe handi eta txikiek espekulatzen dutenez, estatuko, autonomietako eta tokiko administrazioek arautu egin behar dutela, ondasun orokorraren defentsan eta gizarte kohesioaren alde”.

Inoiz baino tentsio handiagoa

Jabetza Erregistratzaileen Elkargoak metro koadroaren prezioan errekor berria identifikatu duela ere adierazi dute: 5.961 euro Donostian eta 3.752 euro Gipuzkoan, 2008ko higiezinen burbuilan erregistratutakoak baino kopuru handiagoak.

Bestalde, Bilbon protesta egin dute asteartean udaletxe aurrean “etxebizitza eskubidea merkatu logikatik kanpo” uztea eskatzeko. Salatu dute Bizkaian kalean bizitzera behartuta daudenen kopuruak inoiz baino gehiago egin duela gora, eta administrazioari pasibotasuna aurpegiratu diote. Adibide gisa, Bilboko datuak eman dituzte: urrian, etxebizitza librearen metro koadroaren bataz besteko salneurria iaz baino %9,6 garestiagoa izan da, eta alokairuarena %9,2 garestiagoa.