Badator uda! Urte osoan zehar egindako lan piloaren ordaina: atseden preziatua. Eguzki pixka bat hartu, paseatu, irakurri, leku berriak ezagutu, festarik festa ibili... Lagun berriak egin, egindako lagun berriekin kontaktua ez galtzeko helbideak bildu (helbide elektronikoak esan nahi nuen, XXI. mendean gaude eta!), igerilekuan edota errekan bainatu, jolastu, maitemindu... Pixkanaka denok barruan omen daramagun haurra esnatzen ari dela dirudi, eta txikitan ezagututako udalekuak gogora etorri direla. Baina, haurrentzat ote dira soilik?
Orain arte hala izan da. Udalekuak haurrentzako aisialdi leku gisa ulertu ditugu beti. Haur horien gurasoentzako aisialdi edo tregua gisa ere bai, agian. Baina haurrekin lotuta beti ere. Modu askotako udalekuak daude, gainera. Alde batetik, udaleku irekiak izenarekin ezagutzen direnak. Hau da, hamabost egunetan edo hilabete batean zehar egun erdi bat (goiza edo arratsaldea) hartzen dutenak, herrian bertan. Herri eta hirietako udalek, Urtxintxa Eskolak edota Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen dituzte, besteak beste. 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako prestatuak izaten dira normalean.
Bestalde, udaleku itxiak edo herritik kanpoko aterpetxe batean egiten diren egonaldiak daude. Hauen artean ere mota askotako formatuak aurki daitezke. Euskal Udalekuek eskaintzen dituzten egonaldiek, adibidez, 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gaztetxoek euskaraz bizitzen ikas dezaten dute xede. Eziko Udalekuak berriz, guraso batzuen ekimenez sortutakoak dira, eta 9 eta 16 urte bitarteko haurrek ondo pasatzeaz gain, euskal nortasuna, giza baloreak eta familia giroa sendotzea dute helburu. Foru Aldundiak ere, haur eta gaztetxoentzako eskaintza zabala du, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan banatzen diren hainbat aterpetxeetan. Azken hauek 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzako zuzendutako udalekuak dira, baina eskaintza zabalagoa ere badago, beste adin tarte batzuetako gaztetxoentzako.
Zaharxeagoentzako berriz, auzolanerako boluntario gisa joatea izaten da ia aukera bakarra. Eusko Jaurlaritzak duen Euskadiko Gazteen Atarian adibidez, hainbat auzolandegi aurki daitezke. Baina beste toki askotan ere eskaintzen dira boluntario gisa aritzeko lekuak.
Orain ordea, helduentzako udalekuak ere sortu dira. Oñatiko gazte talde baten ekimena da, eta uztailaren 15etik 31ra bitartean Oñatin bertan egingo den egonaldia eskaintzen dute, kasu honetan, 17 urtetik gorakoentzat. Lehenago udalekuetan haur gisa eta ondoren, begirale gisa uda ederrak pasa dituzten gazte batzuen artean antolatu dituzte helduentzako udaleku hauek. Euskaraz egingo dira, baina erdal hiztunak ere onartzen dituzte. Udaleku hauetan parte hartu nahi dutenek ekainaren 25a baino lehen izen-abizenak, helbidea eta jaioterria adierazi beharko dituzte jarraian adierazten diren helbideetako batera bidalitako mezu baten bitartez: ubili@euskalerria.org edota “LIZ (Udalekuak), Olakua 18, 7-A. 20560 Oñati”. Hamabost eguneko egonaldi honetako parte hartzaileek, gehienez 100 euro eraman ahal izango dituzte. Halaber, sukaldeko edota garbiketa lanak denon artean egin beharko dira; ezingo da telefono mugikorrik, autorik, maskotarik eta dirurik eraman (ordaindu beharreko 100 euroez gain)... Gainontzean, ondo pasatzeko aukera eskainiko dute: mendi ibilaldiak, errekan bainuak, dantzaldiak, tailerrak, jolasak...
Azkenean, udalekuetan helduentzako tokia ere egin dela dirudi, eta ziur giro ona eta dibertsioa bermatuta daudela.