Udalbiltza eta Ernai martxan, jazarpen aroa atzean utzi nahi du ezker abertzaleak

  • Legez kanporatzea eta jazarpena hainbat urtez jasan ostean, ezker abertzalea berregituratzen ari da apurka-apurka. Pasa den asteburua horren erakusgarri: Udalbiltza eraberritua eta Ernai gazte erakundea aurkeztu dituzte jendaurrean.

Ernai aurkezteko ekitaldia Lizarrako pilotalekuan egin zen.

2013ko martxoaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Udalbiltza berria 403 udaletako 1.257 hautetsiren babesarekin jarri da abian. 154 alkate daude tartean. Hemeretzi lagunek osatzen dute zuzendaritza, eta Mertxe Aizpurua  Usurbilgo alkatea da presidentea. Hautetsi ia guztiak ezker abertzalekoak edota independenteak diren arren, badira EAJko batzuk ere, Igor Eguren Ordiziako alkate eta Udalbiltzako talde eragileko kideak azaldu duenez. “Irekita ditugu ateak”, gaineratu du.

Hiru dira erakundearen lehentasunak: kohesio funtsa sortzea, euskal nortasun agiria sustatzea eta nazioarteko biltzarra deitzea. Oinarrien artean “Euskal Herriaren eraikuntza nazionala” eta udalen arteko “lankidetza sustatzea” daude, besteak beste.

Udalbide eta Eudel

Udalbiltza 1999ko otsailean sortu eta azaroan bitan zatitu zen. EAJ eta EAko hautetsiek Udalbide sortu zuten orduan. Hamalau urte beranduago, Egurenek dio badagoela borondatea Udalbiderekin lankidetzan aritzeko, gehitu duen arren, erakunde hori “itzali” egin dela azken urteetan. “Udalbiderekin batera aritzea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Ordiziako alkateak.

Bestalde, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen eta Udalbiltzaren egitekoez galdetuta, erakunde “desberdinak” eta “elkarren osagarriak” direla diote Udalbiltzako kideek: “Eudelek babes tekniko eta logistikoa eskaintzen die udalei, eta Udalbiltzak Euskal Herriaren artikulazio nazionala lortu nahi du”. Egurenen hitzetan “harreman zuzena” izango dute: “Ez dugu Eudelen lekua hartu nahi”.

Udalbiltza berregituratu den honetan, Eusko Legebiltzarra ez da oraindik gai izan  Udalen legea onartzeko. Hain justu, EAE da udalen eskumen eta baliabideak zehazten dituen araudirik ez duen Espainiako Estatuko erkidego bakarra, Mikel Ormazabal kazetariak El País-en nabarmendu duen moduan. Udalbiltzako ordezkariek azaldu dute auzi horri buruzko eztabaida politikoan parte hartuko dutela. Beldur dira, bestalde, Espainiako Gobernuak proposatutako neurriekin udalen “boterea” ez ote den “txikituko”. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea aldatzeko proiektuak, udalerri txikien fusioa aurreikusten du, besteren artean.

Ernai, gazteak sozialismoaren eta feminismoaren alde

Zazpi hilabete iraun duen Zukgua eztabaida prozesuaren emaitza da Ernai gazte erakundea. Lizarrako Remontival pilotalekuan aurkeztu zuten pasa den larunbatean.

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ditu ardatzetako batzuk. “Ernai Euskal Estatu Sozialista eta Feminista borrokatzeko tresna gisa kokatzen dugu”, diote gazteek. “Bide honetan gure jarduna gazte problematikaren lanketan, alternatiben eraikuntzan eta nazioaren eraikuntzan oinarrituko da”.

Erakundearen oinarria herrietan ezarri dutela azaldu dute: “Hau hala izanik, antolakuntza ereduan garrantzi berezia dute eskualdeek, herrien arteko harremana sustatu eta borroka komunak koordinatuz”.

Ernairen baitan Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak biltzen dira, “prespektiba eta estrategia nazioanala izan arren”. Diotenez, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko gazteekin “harreman iraunkor eta zuzena” dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezker abertzalea
2024-04-21 | Leire Artola Arin
EH Bildu nabarmen nagusitu da Gipuzkoan, 11 eserlekurekin

Gipuzkoan izan du babes gehien EH Bilduk, eta 2 eserleku gehiago lortu ditu; 135.000 boto baino gehiago eskuratu ditu, eta 5 puntu egin du gora. EAJk eserleku bat galdu du, eta 9rekin geratu da; 4 puntu egin du behera. Donostian boto gutxigatik irabazi du EAJk, eta udalerri... [+]


Asiron: “Iruñeko eredua esportagarria dela erakutsi behar dugu”

Larunbatean 100 egun bete ziren Joseba Asiron aginte makilaz jabetu zenetik, abenduaren 28an, Iruñeko Udalaren historiako lehendabiziko zentsura mozioaren bitartez. Lasai hartu du Euskalerria Irratia udaletxeko Harrera Aretoan, egindako lanaz harro. “Hiru hilean... [+]


Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Eguneraketa berriak daude