EAEk Udal Legea izango du, EAJk eta EH Bilduk akordioa lortuta

  • Udal Legearen inguruko akordioa erdietsi dute EAJk eta EH Bilduk. Parte hartzea eta euskara izan dituzte aztergai, besteak beste. Orain Eusko Legebiltzarraren batzordean eta osoko bilkuran onartu beharko da proposamena; bi alderdiek gehiengoa dute organo horietan, ondorioz Udal Legea onartzea espero da. Hala balitz, EAEk Udal Legea izango luke itxaronaldi luze baten ondoren.


2016ko martxoaren 08an - 13:23
Negoziazio prozesu luze baten ostean erdietsi dute Udal Legearen inguruko akordioa. (Arg: EH Bildu)

Lege proiektua lantzeko Eusko Legebiltzarreko taldeak bilera hasi baino minutu batzuk lehenago erdietsi dute akordioa, jeltzaleek EH Bilduk eginiko azken zuzenketak onartu ostean. PSE-EEk eta PPk iragarri dute proposamenaren aurka bozkatuko dutela.

Alderdiek finantzaketaren alorrean izan dute desadostasun gehien. Adostutakoaren arabera, Gizarte Larrialdietako zerbitzuari aurre egiteko finantzazio nahikoa izango dute udalek, eta ordezkaturik egongo dira Finantzen Euskal Kontseiluan; horrek euren eragina indartuko luke.

Parte hartzea sustatu eta euskararen normalizazioa lortzera bidean ere zenbait neurri adostu dute. Udal eta bestelako toki erakundeek euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzeko neurriak hartzeko eskumena izango dute. Bestetik, parte hartzea sustatzeko baliabideak ere eskainiko zaizkie, herri kontsulta kasu.

Udal Legeak EAJk azaroan aurkezturiko proposamena du jatorri; alderdi guztien artean EH Bildu izan zen negoziatzeko prest agertu zen bakarra. Koalizioa kontent azaldu da: "Negoziazioa nekeza izan da, baina akordioarekin pozik gaude, oso lege ona adostu dugu". Dani Maeztu legebiltzarkideak esan duenez, adostu berri den legea "beti izan da beharrezkoa, baina orain funtsezkoa da". Espainiako Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazio Legearen "mehatxua" izan du Maeztuk gogoan hitz horiek esatean, "udaletan esku hartzeko eta eskumenak kentzeko aukera ematen baitio Espainiako Gobernuari".

EAJrentzat ere oso akordio ona da bi indarren artekoa. "Legeak marko juridiko propioa eman eta egonkortasuna ekarriko die udalei", adierazi du Joseba Zorrilla legebiltzarkideak jeltzaleen izenean. Udal Legeari esker euskal erakunde-egitura osatuta geldituko da, Zorrillaren berbetan. "Udalek benetako boterea edukiko dute, eta ez dira zerbitzu-emaile soilak izango".

Akordioak erakusten du "ezberdinen arteko aliantza" posible dela, Koldo Mediavilla EBBko Arlo Instituzionaleko arduradunaren esanetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Autonomia Erkidegoko politika
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude