argia.eus
INPRIMATU
Udal administrazioetan euskaraz funtzionatzea errazteko dekretua onartu du Jaurlaritzak
  • Jaurlaritzak dekretu bat onartu berri du, udal administrazioei euskararen erabileran urrats berriak ematea ahalbidetzeko. "Garai berri bat" hasiko da tokiko erakunde publikoetan, Josu Erkoreka EAEko Gobernuaren bozeramailearen ustez.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 20a
Arantza Tapia, Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluko erabakien berri emateko prentsaurrekoan (argazkia: Irekia).

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Euskadiko toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko Dekretua”. Horrenbestez, "lehentasunezko helburutzat" hartuko da euskara ohiko lan-hizkuntza bilakatzea tokiko instituzioetan, udalerrien funtzionamendua euskaraz izatea ahalbidetzea ipar gisa jarrita.

“Euskararen erabilera udalerrietan eta udalerrietatik bultzatzea da helburua. Laneko hizkuntza eta herritarrei zerbitzu emateko hizkuntza izatea nahi dugu, baita toki eremuan ere”, adierazi du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak.

Bingen Zupiria Kultura sailburuak, bere aldetik, esan du legealdi honetan euskara normalizatzeko ahaleginak erabilera soziala sustatzera bideratu direla. Bere esanetan, toki-erakundeek funtsezko zeregina izan dezakete sustapen horretan. Horregatik, garrantzi handikotzat jo du aste honetan onartutako dekretua.

"Garai berri bati ematen zaio hasiera", Erkorekaren ustez. Toki erakunde bakoitzak erabaki ahal izango du hemendik aurrera lanerako eta herritarrekin erlazionatzeko zein hizkuntza erabili. “Hori guztia, betiere, udal instituzioarekiko harremanean herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatuta, inolako diskriminaziorik egin gabe”, azpimarratu du. Horrekin lotuta, Erkorekak nabarmendu duenez, Dekretu honekin bultzada ematen zaie udal eskumenei euskararen sustapenean.